Mikel Ibarzabal: "Gu Udalean gaudenetik, aldaketak egon dira festen programan"

Uztarria.eus 2004ko uzt. 16a, 13:07
  • Udal Festa Batzordeko Buruak herritarrek on-line atalean eginiko galderei erantzun zien
  • Guztira 16 galdera idatzi zizkioten eta horietatik 14 erantzun zituen; Uztarriatik joan ondoren beste 7 iritsi zitzaizkion

Saninazioak gertu direla-eta On-line atalean Mikel Ibarzabal, Udal Festa Batzordeko burua, Uztarrian izan zen atzo. Hasieran zituen 16 galderetatik 14 erantzun zituen. Ibarzabal joan eta gero iritsi ziren beste 7ak.

Zezenketak, aldaketa gutxi, musika taldeak eta gazteen hutsunea izan ziren galdera gehienen hizpide. Hala, zezenketen inguruan Udalak ez duela dirurik uzten esan zuen: "Aurrekontuetaik euro bat ere ez da joaten zezenketara. Komisio bat dago eta hark egiten ditu kudeaketak. Komisioak prestamoen bidez egiten die aurre gastuei (fondorik ez dutelako) eta irabaziak herriko Mixerikordiko egoitza eta Zierbetara joaten dira".

Urtero egitarau berdina izaten dela esan zutenak ere izan ziren. Ibarzabalek "joan zen urtetik, gu Udalean sartu ginenetik, ustez aldaketak egon dira" erantzun zien. Eta honi herritarrengandik jasotako iritziak gaineratu zizkion. "Programa atera eta gero sondeoa egin izan ohi da eta jendea gustura azaldu da. Harrera ona egin izan dio".

Herritar guztiei zuzendurik antolatzen dituzte festak, hala zioen Festa Batzorde Buruak. "Denei begira egiten dugu programazioa; bai heldu, bai gazte eta bai haur. Aukera denentzako dago".

Eta musika taldeei buruz, inoiz baino euskal talde gehiago ekarri dituztela aipatu zuen, "aurten orkesta espainol bakarra" esanez. Baina euskal taldeak askoz garestiagoak, eta kontzertuen ordu kopuruei dagokionez askoz motzagoak direla adierazi zuen.

Erantzun gabeko galderak

Ibarzabal Uztarrian egon zen bitartean 16 galdera jaso zituen eta berak nahi bezala, 14 erantzun. Galdera gehiago ez zegoela ikusita, amaitutzat eman eta joan egin zen 18:40 aldera; hau da, hitzartutako ordua baino lehen (19:00ak).

Bitarte horretan beste 7 galdera iritsi ziren, erantzunik aurkitu ez zutenak. Hori dela eta, Uztarriak barkamena eskatu nahi die galdera horien egileei.