Aitor Zubillaga: "Azpeitian afizioa badago; gaur egun, tiroan, aritzen dira gazte koadrila batzuk"

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 15a, 13:07
  • Lapatxen izango den plater tiraketan parte hartuko du bi aldiz munduko txapeldun izan denak
  • Azpeitian den afizioaz eta modalitateaz aritu da elkarrizketan

Bi urtez segidan plater tiroan munduko txapelduna izan da Aitor Zubillaga. Larunbatean, goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 15:00etatik 20:00etara, San Inazio festen atarian, Lapatxen izango den plater tiraketan parte hartzeko asmoa du. Kamioilaria da eta Jerez de La Fronteratik (Andaluzia) bueltan, etxerako bidean, jardun du telefonoz larunbateko lehiaketaren inguruan hizketan.

Zer moduzko lekua da Lapatx plater tirorako?

Tiro lehiaketak antolatzeko ez da kanpo ofiziala, espreski ez dago horretarako egokituta. Han, urtean behin edota bitan egiten dira tiro lehiaketak; elektrika indarrez ibiltzen den makina ekartzen da eta baimenak eskatzen dira; izan ere, segurtasun neurriak gero eta zurrunagoak dira. Garai batean, ofizialki tiro kanpo bezala jartzeko eskaera egin zen Udalean, baina kontua hor gelditu zen. Gertueneko kanpoak Legazpin eta Bilbon daude.

Afiziorik ba al dago Azpeitian plater tirorako?

Azpeitian jende dezente ibiltzen da, gazte koadrila batzuk ere badabiltza gaur egun.

Larunbateko lehiaketan parte hartzeko asmoa duzu, baina munduko txapelduna izanda kontrako gutxi izango da zuretzat.

Lan kontuagatik eguerdian ez bada, arratsaldean bada ere Lapatxera joateko asmotan naiz. Lau maila daude, ni altuenean ibiltzen naiz eta tiroa eta distantzia desberdina izaten da maila bakoitzean.

Parte hartze handia izaten al da era honetako lehiaketetan?

Nik uste dut 70 lagun izango direla larunbatean. Orain dela bizpahiru urte egin zen azkenekoz eta 70 lehiakide inguru izan ginen. Sanjuandegiko jaietan antolatutako uso-tiro lehiaketan 140 lagun inguruk parte hartu zuten.

Plater tiroa eta uso tiroaren artean zein alde dago?

Aldea badago. Ni helize tiroan aritzen naiz batik bat. Beste bien tarteko modalitate bat da, bi pala eta erdian platera dituen plastizkozko helizea botatzen da. Hiru eta lau mila erreboluziotako abiaduran jaurtitzen da eta sare bat ere egoten da. Ia Europa osoan usoa galarazita dago, eta hemen eta Andorran bakarrik botatzen da usoa bizirik. Gainontzeko leku guztietan, ezinbestean, helize modalitatean egiten da.

Herriko jaietako lehiaketatik kanpo, noiz duzu goi mailako hurrengo txapelketa?

Egunotan jaso dut gutun bat, abuztuaren 14 eta 15ean, Valentzian helize tiroko Europako txapelketa jokatzen dela esanez.