Auto txikiak, baina biziak

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 14a, 13:07
Harkaitz Elorza, Pello Eizagirre eta Iñaki Areizaga, Azpeitiko Kartin Taldeko kideak, haietako baten kart-arekin.
  • Betidanik izan da Azpeitian kart-etarako afizioa, eta orain lagun talde bat elkartu eta kart lasterketak antolatzeko: Azpeitiko Karting Taldea sortu dute

Motorrarekiko zaletasuna nabarmena da Azpeitian eta, nola ez, kart-ekin ibiltzen direnak ere badira tartean. "Herrian orain dela hamar urte edo hasi ziren lehenak kart-ekin eta ordudanik gidari batzuk utzi egin dute, eta beste berri batzuk hasi dira", dio Pello Eizagirrek.

Orain lasterketak antolatu eta laguntzak jasotzeko Azpeitiko Karting Taldea sortu dute kart gidari azpeitiarrek. Kart-etan ibiltzen diren Pello Eizagirre, Iñaki Areizaga, Harkaitz Elorza eta Joseba Bikendi dira taldekideak.

Auto txikiak dira, baina biziak; 160 kilometro orduko abiada har dezakete. "Zirkuitu edo ibilbidearen araberako abiadura harrapatzen dute", diote gidariek.

Kart berri eta on bat sei mila euro inguru kostatzen da. "Merkeago bat eskuratzeko bigarren eskuko kart bat erosi behar da, eta hiru mila eurotan eros daiteke", dio Eizagirrek. Mantenua ez da oso garestia izaten auto txiki horietan, garestiena "kubiertak" ateratzen dira. Hala ere, hain biziak izanda, eta babes handirik gabeko ibilgailuak direnez, edozein istripu izanez gero erraz apurtzen dira. "Direkzioa sentsiblea dute, espaloi bat edo jotzen bada, karraren estruktura ez apurtzeko", dio Areizagak.

Entrenamenduak egitera Olaberriako zirkuitura joaten dira gidariak. "Aukera bakarra dago Gipuzkoan, eta geure kart-ak hartu eta asteburuetan Olaberriara joaten gara. Batzuk Bizkaira edota Asturiasera ere joaten dira. Baina, gu, batez ere, Olaberriara joaten gara", diote kartin taldeko kideek.

Motorra gustukoa eta mundu polita delako hasi ziren kart-ekin. "Txiki-txikitatik hasteko modukoa da, 5-6 urteko haurrak ere ikusten dira korritzen. Batzuek, gero auto karreretako pausua ematen dute gainera. Polita da, eta gustuko lekuan aldaparik ez", azaltzen dute.

Taldean hiru-lau lagun bildu dira, baina lasterketetan ez dabiltzan kart gidariak ere ba omen dira herrian. "Hamar bat lagunek izango dute kart-a, afizioz, baina horiek ez dute konpetitzen", dio Elorzak.

Orain lasterketak antolatzen hasteko asmoa dute, azken urteetan Euskal Herrian ez direlako egiten. Lehen hitz ordua, herrian izango dute, santiotan.

24an, karting lasterketa

Santiotako karting lasterketa, bi urtez ez da egin, ez delako antolatu. Baina, aurten VIII. Karting lehiaketa egingo da Azpeitian. Euskadiko txapelketa da eta puntuagarria. 16:00etan izango da irteera. Ohiko ibilbidea izango du Damaso Azkue auzo inguruan; "Ibilbide azkarra eta zabala da". Azpeitiko Karting Taldeak antolatu du eta Udaleko Festa Batzordearen laguntza jaso dute. "Udalaren laguntza izan dugu antolatzeko eta belar fardoak erosteko kartelean agertzen diren laguntzaileen diru laguntza izan dugu", diote taldekoek.

Guztira 30 auto gidari inguru izatea espero dute, nola ez, herritarrak ere han izango dira. Izena-emateko seguruak duen balioa ordaindu behar da: 30 euro.