Auto-kontsulta gela irailean irekiko da

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 9a, 14:07
Ezkerrean GIB eta eskuinean auto-kontsulta gela izango dena.
  • Gazte Informazio Bulegoaren ondoan egongo da Zapo Txoko gaztelekuan
  • Bidaien, ikasketen eta lanen inguruko informazioa egongo da

Azken ukitu eta xehetasun batzuk besterik ez ditu falta Zapo Txoko gaztelekuan Gazte Informazio Bulegoaren (GIB) ondoan jarriko duten auto-kontsulta gelak. Irailean irekiko dutela aurreikusita dute gazteria arloko arduradunek.

Auto-kontsulta gelan, bidaien, ikasketen, lanaren, beken eta antzekoen inguruko berriak bilduko dituzte. Zalantzaren bat izan edo kontsultaren bat egin nahi duenak, hara hurbildu eta eskura izango du informazioa. Ordenagailua ere egongo da, internet bidez kontsultak egiteko edota idatziak egin eta inprimatzeko aukerarekin. Han dauden dokumentuak interesatuz gero, berriz, kopiak ateratzeko era izango da. "Zerbitzua osorik eta eroso eskaintzeko azken ukituak falta dira egiteko. Auto-kontsulta gelan liburutegian aurkitu ezin diren bidaien eta ikasketen gida-liburuak, lan eta beken eskaintzak jarri ditugu", dio Maialen Aranguren GIB-eko arduradunak.

Auto-kontsulta gelan dauden liburuak maileguz hartzeko aukera ere izango da. "Oraindik mailegu arauak zehazteko ditugu, baina irekitzen dugunerako epeak-eta jarri beharrean izango gara. Gainera, pixkanaka liburuak ekartzen eta gehitzen joateko asmoa dugu", dio Arangurenek.

Gazte Informazio Bulegoaren ondo-ondoan dagoenez, hango arduradunaren laguntza jasotzeko modua izango dute erabiltzaileek.

Hala ere, gero auto-kontsulta gelan aurkitu daitekeenaren gaineko informazioa GIB-en eskaintzen ari dira: bidaiatzeko aukera desberdinen inguruko informazioa ematen ari dira, eta dagoeneko bilduta duten materiala erabiltzaileen eskura jarri dute.

Udan, jende gehien aterpekide txartela egitera hurbiltzen da GIB-era. "Uztailaren 31 arte, 26 urtez beherako gazteek eta Gazte Txartelaren jabe direnek aterpekide txartela doan eskuratzeko aukera dute", dio Arangurenek. Aterpeetan egonaldiak egiteko aukeraren inguruko informazioa eskura jarri eta bidaiatzeko modu hori "sustatu" nahi dute: "Beste herrialdetako jendea ezagutzeko aukera polita baita". Gazteek bakarrik ez, heldu, talde eta familiek eskuratu dezakete txartela. GIB, 08:30etik 13:30era arteko dago irekita abuztuaren erdialdera arte.