Turismoko informazio bulegoa zabaldu da dagoeneko Loiolan

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 8a, 14:07
Aurten, Loiolan, turistentzako informazio bulegoa kanpoan jarri dute.
  • Aurten kanpoan jarriko dute eta Loiolara datozen bisitariak Azpeitira eta Azkoitira bideratzea du helburu
  • Ahalik eta jende gehienengana iristeko asmoz egin dute

Atzo zabaldu zuen Loiolako informazio bulegoa Iraurgi Lantzen-ek. Loiolakoa, 2004ko udako kanpainaren baitako zerbitzu gunea izango da.

Urriaren lehen astea bitartean izango da irekita asteartetik igandera bitartean, astelehenetan, aldiz, itxita egongo da. Turistentzako informazio gune horretan, hiru hilabetez lan egiteko Iraurgi lantzenek bi langile ere kontratatu ditu.

Aurten, beste urteetan ez bezala, kanpoan jarri da informazio gunea. Hain zuzen, oroigarriak saltzen dituzten dendetako baten ondoan jarri da; basilikaren pare-parean. Azken urteetan, bisitarien harrera gunea San Inazioren etxearen barnean jartzen zen; eta hara joateko espreski barrura sartu beharra zegoen. Orain, aldiz, erraz topatzeko moduan jarri da. "Ahalik eta jende gehienengana iristeko intentzioarekin kokatu da, aurten, kanpoaldean etxola berria", diote Iraurgi Lantzeneko turismo arduradunek.

Azpeitia eta Azkoitia

Loiolara, bai urte osoan eta baita uda garaian ere bisitari ugari joaten da, eta informazio puntuan Loiolan ikusi daitekeenaren berri emateaz gain, "eskualdeko informazio turistikoa" ere emango dute. Azken batean, helburu zehatz batekin jarri dute Loiolan gune hau: "Loiolara etortzen diren bisitariak Azpeitiko eta Azkoitiko herrietara bideratzea". Halaber, inguruko herrietatik kanpoko informazioa ere emango da, eta turismoa sustatuko dute. Batik bat Urola-Kostako herrietako, Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko eskaintzaren berri emango diete santutegira datozen bisitariei.