Alex Arrietak urrezko domina lortu du

Urola-Kostako Hitza 2004ko uzt. 2a, 12:07
Alex Arrieta lortutako garaikurrekin.
  • Asturiasen jokatu den Espainiako txapelketan hiru domina irabazi ditu igerilari gazteak
  • Aurten jokatutako txapelketa guztiak irabazi ditu

Hiru dominarekin etxeratu zen atzo Alex Arrieta igerilari gaztea Espainiako txapelketatik.

Hamahiru urte ditu Arrietak, 14 urte hilaren 17an egingo ditu. Euskadiko selekzioarekin aurten aurreneko aldiz 14 urte artekoen Espainiako txapelketan —ekainaren 28, 29 eta 30ean jokatu da— izan da Asturiasen. Ehun metro libretan urrezko domina lortu du eta erreleboetan 4x200etan zilarrezkoa lortu du taldekideekin batera eta 4x100ean brontzezkoa. «Pozik etorri naiz txapelketatik, aurten baitzen lehenengo aldia Espainiako txapelketara joan naizena», zioen herrira etorri bezain laster.

Sei urterekin hasi zen igeriketan Izarraitz Igeri Elkartean eta egunero-egunero egiten ditu entrenamenduak. Igeri egiteko tximeleta eta kroll moduak ditu gustukoen. «Tximeletan laugarren egin dut Espainiako txapelketan», azaldu zuen Arrietak.

Euskadiko selekziotik txapelketetara joateko deitu diote, baina orain artean eskolarteko txapelketetan parte hartu du. «Aurten federatu bezala aurrenengo urtea dut. Eta aurten irten dudan txapelketa guztiak irabazi ditut», dio.

Atzo, udaletxean harrera ere egin zioten udaleko ordezkariek. Baina, orain, denboraldia bukatuta atsedena hartuko du. «Noizik eta behin joango naiz igeritara, baina lasai hartuko du», dio.