Hirugarrengoan bai

Uztarria.eus 2004ko eka. 28a, 13:06
Pilotariak, klubekoak eta Udaleko ordezkariak harrera egitean
  • Azpeitiak XXXVII. Gipuzkoako Herriarteko Pilota txapelketa irabazi du
  • Faboritoa zen Hernani baina 1 eta 2 irabazi zuten Azpeitiarrek

Halaxe esan ohi da, hirugarrengoak badu indar berezi bat eta Azpeitiarrek ezagutu dute. Atzo jokatu zuten euren Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketako hirugarren finala eta oraingoan irabazi egin zuten Hernaniren aurka.

Azpeitiarrak ezustekoa ematera joan ziren, pronostiko gehienek Hernanik irabaziko zuela esaten zuten eta. Hernaniarrak ziren faborito, azken urteetan erakutsitako erregulartasunagatik. Lehengo partidak gainera pronostikoak indartzeko balio izan zuen. Ieregi azpeitiar atzelariari eskua izorratu zitzaion eta Hernaniarrak erraz nagusitu ziren 22 eta 4 irabazita. Lehen puntua beraz Hernaniarrentzako izan zen.

Jubeniletan Larrañaga eta Agirrezabalaga azpeitiarrek lortu zuten finala berdinduta utziko zuen puntua. Ederki hasi ziren jokoan nagusi izanez eta bazirudien erraz irabaziko zutela. Markagailuak hala erakusten zuen, 11 eta 1 aurretik jarri ziren. Baina Hernaniarrek ez zuten etsi eta 18 eta 16 aurretik jartzera iritsi ziren. Azkenik ordea, Larrañagak arriskatuz egin zituen bi tantu ederrek, 19.-a eta 20.-a, partida eta puntua Azpeitiarren esku uztea ahalbidetu zuen.

Azken partidan erabaki zen aurtengo txapelduna nor izango zen. Beobide eta Astigarraga bikoteak arriskatu gabe eta lana txukun eginda 22 eta 10 irabazi zuten, Azpeitia irabazleen zerrendan idatzita utziz; XXXVII.-ean eta historian lehen aldiz.

Ospakizuna

Txapelketa irabazi ondoren, azpeitiarrek Lasarte-Oriako Dana Ona jatetxean bazkaldu zuten, familia eta lagun artean. Arratsaldean, zortzirak aldera egin zioten harrera herrian. Giro polita egon zen.

Peñagarikano

Kepa Peñagarikanok ere egun ederra izan zuen atzo. Aspaldiko jokorik onena erakutsi zuen Zarautzen jokatutako partidan. Olaizola I lagun zuela Koka eta Zearra bikoteari 22 eta 13 irabazi zioten. Peñagarikano ondo ibili zen eta berea duen kolpe handia erakutsi.