Aitor Zubillaga munduko onena plater-tiroan

Uztarria.eus 2004ko eka. 23a, 13:06
Atzoko ongietorrian udaletxeko areto nagusian
  • Azpeitiarrak munduko txapelketa irabaztea lortzen duen bigarren aldia da
  • Inoiz ezagutu den tiro kopuru handiena izan zen berdinketa hausteko

Aitor Zubillaga azpeitiarrak bigarren aldiz plater-tiroko munduko txapelketa irabazi du. Aurten txapelketa Andorran jokatu da, La rabassan eta guztira 250 tirolarik hartu dute parte.

Zubillagak banako modalitatean lehen postua lortu du bi portugaldarren aurretik. Txapelketa Zubillagak adierazi bezala, 25 helizetara izaten da. Hortik aurrera hamarna tiro botatzen dira berdinketarik balego. Txapelketa honetan "inoiz ezagutu den tiro kopuru handiena egon da" Zubillagak esan duenez, lehenengo 25 tiroen ondoren 67 behar izan baitira txapelduna nor den erabakitzeko. Horrela, azpeitiarrak 67tik 67 asmatuta irabazi du. Bigarren geratu den portugaldarrak 66 jo ditu eta hirugarrenak 65.

Baina banako modalitateaz gain, taldekakoan ere hartu du parte. 11 nazio aurkeztu dira eta Zubillaga hirugarren geratu da.

Ongietorria

Atzo arratsaldean egin zioten ongietorria udaletxean. Bertan ziren Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea, Kandido Mitxelena eta Kontxita Martija zinegotziak eta Zubillagaren gurasoak. Argazkiak, suziriak eta irabazitako kopa eta urrezko domina izan ziren protagonista Zubillagarekin batera.