Jende ugari ibili da I. Erdi Aroko azokan

Urola-Kostako Hitza 2004ko eka. 22a, 13:06
  • Eguraldi tristea, baina azokara jendea hurbiltzeko primerakoa egin zuen
  • Herriko eraikin historikoak ikusteko aukera izan zen

Jende ugari ibili da asteburuan Azpeitiko I. Erdi Aroko azokan. Bai larunbatean eta bai igandean, goiz eta arratsalde, jende ugarik bisitatu zituen plaza nagusian, Goiko kalean eta Olazko Amaren plazan jarritako lantegiak eta salmenta postuak.

Gustura ziren igande arratsaldean, saltzaileak eta antolatzaileak; "ondo" saldu dutelako eta jendeak harrera ona egin diolako azokari. Eguraldi eskasa, iluna, izan da asteburu osoan, baina jendea azokara hurbiltzeko bikaina.

Bisita gidatuak ere antolatu dira azokaren baitan, herriko eraikin historikoak ikusteko aukera eskainiz. Horietako eraikin batzuk itxita egoten dira beti, baina azoka tarteko ikusteko parada izan da: Basazabal etxearen beheko solairua irekita izan da asteburuan, eta azpeitiarrek ikusmin berezia erakutsi dute hura ikusteko: izan ere, herritar gutxi batzuk ezagutzen dute eraikina barrutik. Alberga ere irekita izan da asteburuan, eta gainera, arropa garbitzen, lanean, herritar batzuk jardun dute, garai batean albergak betetzen zuen funtzioa erakutsiz.

Sagardotegiko bazkariak eta afaria izan ziren azoka plazan Iraurgi Saskibaloi Elkarteko kideek antolatuta. Jatordu bakoitzean ehun lagunetik gora elkartu ziren azoka plazan; igandean bazkaltzeko bildu zen jende gehien.

Bi lehiaketak

Manolo Madrazo Kaleko I. Margo lehiaketa egin zen larunbatean. Hamazortzi lagunek aurkeztu zituzten margolanak lehiaketara eta hamaika azpeitiarrak izan ziren. Lehen saria, 600 euro, Raimundo Argos bilbotarraren lanak jaso zuen; bigarren saria, 450 euro, Eneko Arruza lekeitiarrak irabazi zuen eta hirugarren saria, 300 euro, Juan Joxe Altuna bergararrak.

Saritutako hiru margolanak Azpeitiko Udalaren esku gelditu dira eta gainontzeko margoak egileek jarritako salneurrian salduko dira. Saltzeko dauden lanak aste honetan, ostirala arte udaletxe azpiko erakusketa aretoan jarriko dira, 18:00etatik 20:00etara. Saldu gabe gelditzen diren lanak egileen esku geldituko dira.

Argazki makina ugari ibili da azokako irudiak harrapatu nahian, izan ere, Azpeitiko Argazki Elkarteak argazki lehiaketa antolatu du. Emaitzak uztailaren 24an ikusiko dira, 19:00etan, Aitonena I.en egingo den emanaldian.