Azpeitiak esku-eskura du finala

Uztarria.eus 2004ko eka. 15a, 13:06
  • Gipuzkoako herri arteko finalerdietako 3 partidak irabazi zituen
  • Larunbatean jokatuko dira itzuliko partidak Beasainen

Hirutik hiru partida irabazi zituzten Azpeitiko pilotariek Gipuzkoako herri arteko pilota txapelketako final erdietan. Finalera iristeko nahikoa izango dute Beasainen jokatu beharreko partidetatik bat irabaztea.

Itxura guztien arabera eta konfiantzak ez badie traiziorik egiten, Azpeitia Donostian izango den final handian izango da. Ostiralean Frontoi txikia jendez gainezka zela partida ederrak ikusi ahal izan ziren.

Elustondo eta Ieregi kadeteek lortu zuten lehenengo puntua azpeitiarrentzat. 22 eta 11 irabazi zieten Beasaindarrei. Bigarren partida gogorragoa izan zen. Beasaindarrak aurretik izan ziren markagailuan partida guztian zehar. Baina partidaren azken hondarretan 17 eta 20 aurretik zirenean, LarraƱaga eta Arrizabalaga azpetiarrek partidari buelta ematea lortu zuten 5 eta 0-eko partziala eta markagailua 22 eta 20an utzita. Azken partidan Alkorta eta Astigarraga bikoteak hirugarren puntua lortu zuten 22 eta 15 irabazita.

Horrela beraz, azpeitiarrek presio txikiagorekin jokatzeko aukera izango dute Beasainen, zapatuan arratsaldeko lau eta erdietan jokatuko den partidan. Beste final erdietan Hernanik 3 eta 0 irabazi zion Azkoitiari.

Erremontea

Erabaki dira V. Erremonte txapelketako final erdiak zein bikotek jokatuko dituzten. Batetik, Bereziartua eta Jon Matxin IV.a eta Badiolaren aurka arituko dira eta bestetik, Iribarren eta Gazteluk Matxin III. eta Olazar izango dituzte aurkari.

Finalerdiak, orain artean bezala, Izarraitz pilotalekuan jokatuko dira ostiral honetan, gaueko hamar eta erdietatik aurrera. Finala aldiz, uztailaren 2an izango da.