Julian Eizmendiren gogoetak eta erronkak alkatetzan urtea bete duenean

Uztarria.eus 2004ko eka. 14a, 19:06
Julian Eizmendi, Azpeitiko alkatea
  • Aurrera begira dituen helburu eta proiektuak utzi ditu agerian udal aldizkariko elkarrizketan
  • Etxebizitza babestuak eta lur industriala ditu helburu nagusien artean, "azpeitiarrak Azpeitian bizi eta lan egiteko"

2003ko maiatzaren 24an izan ziren udal hauteskundeetan EAJ-EA koalizioa garaile atera zen (5.459 boto lortu zituen). Alkatetzako aldaketa izan zen nabarmentzekoa, ordea: Julian Eizmendik hartuko zuen Jose Mari Bastidak utzitako ardura (biak EAJkoak).

Gaur bete da urtebete Eizmendik Azpeitiko alkate kargua hartu zuela. Azpeitian zer? udal aldizkariak azken zenbakian urtebetetze honen inguruan elkarrizketa egin dio alkateari. "Karguak erabateko dedikazioa eskatzen du eta nentorren administrazioarekin alderatuta, hemen zuzen-zuzenean aurkitzen gara jendeak dituen arazoei aurre egiten, konpontzeko ahaleginetan", erantzun du Eizmendik.

Udal gobernua "herriaren ikuspegi orokor batetik (alderdi ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa...) ari da lanean" adierazi du eta "Azpeitian behar eta lehentasunen mapa irudikatu dugu" gaineratu. Behar horiek zeintzuk diren galdetzean, "etxebizitza babestuak eraikitzea eta lur industrial urbanizatua prestatzea, etorkizunari begira, azpeitiarrak Azpeitian bizi eta lan egiteko aukera izan dezaten" direla dio. Bestetik, "agintaldian 200 bat etxebizitza babestu eraikiko genituela agindu genuen" eta "beteko" duela esan du. Saihesbidea ere behar eta lehentasunen artean sartu du eta "agintaldi honetan has dadin saiatuko gara".

Aipatutako helburuak lortzeko pausoak ematen ari direla ere badio Eizmendi alkateak. "Etxebizitzen gaian lurraren ebaluazioa egin da eta ebaluazio horren ondoren, kokapen egokiena zehazten ari gara. Lur industriari dagokionez, industria lur gisa kalifikatu daitezkeenak ebaluatzen eta eremuak erabakitzen gabiltza. Saihesbidearen kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin maiz egoten gara, Landeta aldean saihesbideak izan behar dituen adarrak elkarrekin finkatu nahian".

Kultur eta kirol proiektuak ez ditu aipatu gabe utzi elkarrizketan. Kultur gunea egitea "alderdiak beti gogoan" izan duen helburua dela esan du eta Soreasun eraiki nahi den kultur gunean gazteei euren lekua eskaini nahi diela. Eta kirol gunearen proiektua ere "zehaztua" dagoela dio eta, besteak beste, "futbol zelai artifiziala" dagoela.

Herrian euskararen egoerak kezkak sortzen dituela eta, "Eusko Jaurlaritzaren normalizazio plan nagusi EBPN onartu da eta lanean hasi gara". Horretaz gain, "Udala, Uztarria eta Kontseiluaren artean hitzarmen bat lortu dela" gaineratzen du "denon indarrak batu eta aipatutako plana aurrera eramateko".

Merkataritza arloari buruz, alde zaharrekoa bereziki aztertuko dela dio. Bide berean, "Berdura plaza eta azokak ere aztertuko dira".

Azpeitia herri iraunkorra bihurtzeko duten nahia ere badio Eizmendik elkarrizketan. Hondakinak murrizteko eta birziklapena sustatzeko kanpainak bultzatzeaz gain, Eskola Agenda 21 sortu, zarata eta kutsadura atmosferikoa kontrolatzeko zirriborroa eta mugikortasunaren dokumentu estrategikoa egin direla dio.

Eizmendik dio "elkarrizketaren" bideari eutsi nahi diotela herriko beharrei erantzuteko, eta Udalean bertan Habea plataforma legez kanporatuaren parte-hartzea izateko ahaleginak egin dituztela (Habearen botoak kontuan hartuko balira, Udaleko bigarren indarra litzateke, 2.027 botorekin).

Horrela, beraz, Udaleko taldeak karguan urtea bete duenean, lan asko duela egiteko uler daiteke.