Lujanbio eta Iturriaga, bertsotan eta hizketan

Uztarria 2004ko eka. 10a, 18:06
Lujanbio eta Iturriaga Josu Goikoetxearekin saioko une batean.
  • Ehun lagun pasa azaldu ziren Enparanera bi bertsolarien saiora
  • Manu Robles-Arangiz Fundazioak antolatu zuen

Ezohiko saioa izan zen atzokoa (asteazkena), Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsolariek, bertsotan ez ezik, hitz egin ere egin zutelako. Ezohikoa, eta atsegina, bero ederra egin bazuen ere. Bertsolaritza eta lana zen saioaren leloa, ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz Fundazioak antolatuta.

Enparan Dorretxean izan zen, eta jende asko hurbildu zen; egun lagun pasa. Besteak beste, han zeuden Imanol Lazkano Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria, German Kortabarria ELAko komunikazio arduraduna, Fernando Iraeta Manu Robles-Arangiz Fundazioko arduraduna, Leire Ostolaza bertsolaria...

Josu Goikoetxeak aurkeztu zuen saioa, eta edo gaia jartzen zien bertsotarako, edo galderak egiten zizkien erantzuteko —ez bertsotan—. Hori dena, tartekatuz. Eta sindikatu baten ekitaldian lanaz galdetu behar. Iturriaga: "Amurizak esan zuen ogibidea dela bertsolaritza, saio batera joan eta kobratu egiten dugulako. Orain, galdetu beharko litzateke kobratzeagatik bakarrik kantatzen dugun". Lujanbioren ustez, "ahalegin" handia eskatzen du bertsolaritzak. "Adibidez, bertso afaria dugunean, egun osoa egoten gara horretan pentsatzen, eta ahalegin mental handia da hori. Afaltzean mahaian dauden langostinoak ez dituzu oso gustura jaten".

Uztapidek esan zuena

Iturriagak Joxe Agirrek maiatzeko Uztarria aldizkarian esan zuena aipatu zuen. "Uztarrian leitu nuen Agirrek zioena, honek behin Uztapidek esan zuena gogora ekarriz: saio batek bi une bakarrik dituela onak; batetik, deitu egiten zaituztela, eta zutaz akordatzen direla esan nahi duela horrek; eta, bestetik, joan eta kobratu egiten duzula. Berriro aipatu dut kobratu egiten dugula, eta bertsolaritza ez da hori bakarrik, baina guk ere negar egiten dugu batzuetan".

Goikoetxeak galdetu zien bertsolaritzatik bizi al daitekeen. Azkar erantzun zion Iturriagak: "Beste lan denekin gertatzen dena gertatzen da hemen ere; segun zenbat irabazten duzun...".

Lujanbiok ez du uste puntako bertsolaritzan lehiakortasunik dagoenik, "ez behintzat, lehiakortasun gordinik. Baina baliteke zenbait kasutan distortsioa sortzea; hau da, ez kantatzea gustoagatik, prestigioa irabazteagatik aritzea... eta orduan bai sor litekeela lehiakortasuna. Igual gazteen aspirazioa da aldatu dena; nora begiratzen duten, prestigioa hor dago...".

Eta bertsolaritza, jarduera indibiduala al da? Lujanbiok ez du uste hori bakarrik dagoenik: "Sormen lana da bertsolaritza, eta norberak abesten du, baina talde lana ere badago, hor baitaude bertso eskolak".

Asko goraipatu zituen Lujanbiok bertso eskolak, gozatzen bada. "Gipuzkoan maila oneko bertsolari asko dago, baina denentzat ez dago plazarik, edo denei ez zaie eskaintzen. Kontua da nola ulertzen duten egoera hori batzuek, eta gure bertso eskolan behintzat, jendeak gozatu egiten du kantatzen, eta plazarik ez eskainiz gero, beraiek joaten dira saioen bila, zirkuituak sortuz. Irtenbide ona da hori Gipuzkoa bezalako herrialde batean".

Bertsozale Elkartearen eredua

Euskal Herriko Bertsozale Elkartea momentu ona da ari bizitzen, sendotuta dagoelako, proiektu asko dituelako... Eta Goikoetxeak elkartearen filosofia beste eremuetara eraman al daitekeen galdetu zien bi bertsolariei. Iturriagak elkartea nola sortuta dagoen azpimarratu zuen —"protagonistak gaude, eta protagonista egitea egiten duen jendea ere bai; hau da, bertsolariak eta bertsozaleak gaude—, baina ez zen ausartu antolaketa hori eredugarria den esaten. "Borondateko lan handia dago, baina hori ez da gurean bakarrik gertatzen, sindikatuetan beraietan hori badagoelako, euskara elkarteetan ere bai...". Lujanbiok elkarteak "norabide jakina" eduki izana azpimarratu zuen, bertako jendea "oso identifikatuta" dagoela ere bai, "eta hori dena kontuan hartzekoa dela iruditzen zait".

Bertsoak

Bertsotan ere egin zuten. Hona hemen ale batzuk.

Unai Iturriaga: Konpetentziaren zale, langilea eta lana ontzen dituelako. Maialen Lujanbio: Konpetentziaren aurka, langilea eta pertsona ospintzen dituelako.

Lujanbio:

Beti hobetu idian,
bazoazela bidian (bis)
Nire nekea, nire ametsak
ilusioa agian.
Hiru hitz hoiek sartzen al dira
jauntxo, zure hiztegian?

Iturriaga:

Sartzen ditut hiztegian,
gehiago ere agian,
sinisten baitut egian.
Ilusio hori bere barruan
dakarren belaunaldian.
Horrelakorik ikusi al duzu
inoiz Foru Aldundian?

Lujanbio:

Foru Aldundian kontra
zaude kristorenak jota
eta neri bost inporta.
Langile denak esplotatzea
hori da zure borroka.
Zure klinesak baino ez gera
zintza egin eta bota.

Iturriaga:

Errexa da esatea,
ondokoai atakea,
hitzez bai behintzat kolpea.
Konpetentziak sustatu ohi du
buruai eragitea.
Zure esku dago muki hoiekin
pegamentua egitea.

Maialen Lujanbio: emakume izaeraz puntuak.

Orain jendeak dio,
hau bertsolaria!
Ta len haze potroak
entzuten nun ia.
Ez det hori asmatu
hori zan egia.
Gauzak aldatu dira
ona da bidia.

Lujanbio eta Iturriaga: saioaren balantzea, bi entzuleren paperean puntutan.

Iturriaga:
Baina aizu galdera
LAB edo ta ELA?
Maialen:
Nire despistatuta
nago zu bezela
Unai:
Jakin nahi dut zu zaren
LAB edo ta ELA?
Maialen:
Nik nere kontzientzian
ondo dut labela.