Mikel Labaka Realeko lehen taldetik gero eta gertuago

Uztarria 2004ko eka. 8a, 22:06
  • Haren ordezkaria Realarekin harremanetan da kontratua luzatzeko
  • Azpeitiarra Murtzia Hirian ari da, Donostiako klubak utzita

Mikel Labaka azpeitiar futbolaria denboraldia amaitzear da Murtzia Hiria Espainiako Bigarren A Mailako taldearekin (Realak utzita dago). Denboraldia amaitzeko bi partida falta zaizkion arren, hurrengo sasoiari begira dago eta haren ordezkaria hasi da Realerekin hitz egiten. "Normalean denboraldia amaitu aurretik taldeek ez dute jokalariekin hitz egiten, baina nire ordezkaria ari da Realarekin hitz egiten akordio batera iristeko. Niri orain amaituko zait kontratua eta berritzea gustatuko litzaidake", esan dio Labakak Uztarriari.

Realeko lehen taldearekin ariko den edo ez argitu zain dago. "Nik aste honetan zerbait argituko dela uste dut". Ilusioa du Realera itzultzeko. "Ilusio handia egingo lidake hurrengo denboraldiaurrea etxean, Realean egiteak, eta, gainera, Lehen Mailan hastea, baina gero beste zerbait irteten bada eta beste nonbaitera joatea tokatzen bazait aprobetxatu egin beharko dugu".

Mikel Labakak zentral jokatzen du, eta denboraldi ona ari da egiten Murtzia Hirian.