Udaleko langileak lanuztean

Uztarria.eus 2004ko eka. 8a, 12:06
  • Idatzi bat atera dute arrazoiak azalduz
  • Lanuzteak ekaineko astearte guztietan egingo dituzte 8:30etik 10:00tara.

Udaleko langileek lanuzteak egingo dituzte asteartero negoziazio eskubideak bermatzeko. Azken urteotan horren eraginkorra izan duten EUFALEBA konbenioaren helburuak urratu omen dizkiete eta. Hona hemen konbenioak ateratako idatzia:

"Martxoaren 27an Euskal Autonomia Erkidegoko Udalerrien elkarteak, EUDELek, bilera egin zuen Udaletan eta Aldundietan duten sindikatuekin. Bilera honetan LABek eta ELAk bi baldintza jarri zituzten mahaian parte hartzeko: alde batetik, interlokuzioa alderdi politikoek izatea eta bestetik, 2002-2003ko inposaketa baliorik gabe uztea.

Azken 25 urteotan Udaleko eta Aldundietako langileon lan baldintzak bermatzeko oso tresna eraginkorra izan dugu EUFALEBA (Udal eta Aldundietako langileon konbenioa). Bainan, 2002 eta 2003an EAJ, EA, PSOE eta PPk sinatutako dekretazioa inposatu ziguten eta horrela langileon lan baldintzak eta negoziatzeko eskubidea zapuztuak geratu.

Honegatik lanuzteak egiteko arrazoi nagusia negoziazio eskubidea bermatzea da.

  • Gaur gaurkoz, eskubide hori ez dago bermatua, negoziatzeko ahalmena dutenekin (politikoekin) eseri nahi dugulako.
  • Eskaera horiek ez ditu onartu EUDELek, beraz ez gara mahaian eseri eta tokian tokiko negoziatzeko mahaiak osatzea eskatu dugu.
  • EUDELek osatu duen mahai horren gainean, berriro ere, inposaketarako bidea besterik ez du jarri "adostasunik ez badago, erakundeek beren aldetik ezarriko ditugu langileen lan baldintzak". Hau al da NEGOZIAZIOA?
  • Lanuzteak, beraz, EUFALEBA bermatzeko dira.
  • Helburua "lan hitzarmen kolektibo duina sinatu eta oraingo lan baldintzak hobetzea da".

Gutxiengo eskakizunak honako hauek dira:

Lansariak: 2003ko KPIren gainetik 600 euroko soldata gehikuntza lineala.

Gutxiengo soldata: langile guztientzat urteko 18.200 euroko gutxiengo soldata.

Zerbitzu publikoak: azpikontrataziorik ez egitea eta daudenetan berriz, erakundeko lanpostu berdinetako lan baldintzetara parekatzea.

Kontratazioa: txertatze programako langileek eta bekadunek, antzeko postua betetzen duten langileen lan baldintza berdinak izatea.

Gure lan baldintzak defendatzen ekaineko astearte guztietan lanuzteak 8:30etik 10:00etara".