Afaria

Iñigo Aranbarri 2004ko mai. 24a, 18:05
  • Idazle azkoitiarrak Iñaki Goenaga, Sistiya azpeitiarraz idatzi zuen Berria egunkarian
  • Ehun urte beteko ditu urtarrilean kontatzeko asko duen azpeitiarrak

Lagunaren deia bi egun lehenago: «Etorriko haiz ezta?», erantzuna berarekin dakarren galdera horietako batean. Esandako orduan agertu nintzen afari-legera, sabelean tximeleta bat edo beste nuela, ez baita egunero suertatzen ehun urte betetzera doan gizon batekin hitz aspertuan aritzeko aukera izatea. Erraz esaten da, baina hala. Datorren urtarrilean ehun urte beteko ditu Azpeitiko Ormaetxe baserriko Iñaki Goenaga, Sistiya-k. Mende oso bat.

Barru xelebrea duzu. Ez zaude gizonaren aurrean soilik. Gure herriaren historia atal bat da mahaiburuan eserita dagoena. Iragana oraina da. Eta lotsatu egiten zara. Liburuetan ikasi duzu dakizuna, alegia, Aita Estefaniak Loiolako jesuitetan sortu zuen eskolan ibilitakoa dela, Ibiñagabeitia, Zaitegi eta Lauaxetarekin batera. Orixeren ikasle izan zen Xabierren. Gerran, fusila eskaini zioten, baina berak luma aukeratu zuen. Frontetik bidaltzen zituen kronikak Euzkadi-ra. Bizirik atera zen Gernikako errautsetarik. Gero, italiarrekin preso Santoñan. Eta libre Ameriketan: «Munduari buelta ematea badago euskaraz bakarrik jardunda». Idazle ez ezik itzultzaile, sorterriaren eta munduaren arteko loturak eten ez daitezen. Horrela, gelditu gabe, ehun urtez. Burua, argia du gure aldean. Mintzoa, sendoa. Aita Onandiak bazekien zer edo zer, «euskal idazle yaukal, urduri» deitu zion.Egunak egin litezke hari entzuten. Eta pentsatzen duzu Azpeitiko elkarteko mahai hartan bizitakoak ez lukeela zuretzat soilik izan behar. Uneak erkidea behar duela, eman beharra dagoela ezagutzera gizonaren mundu hura, iraganaren ederra orainean.

Egunen baten kontatu behar diat hemen nola izan den dena.Kontuak ateratzen dituzu, 36ko gerra aurreko kultur giroa ezagutu zutenak, zenbat ote dira bizirik? Orain, bakan batzuk baino ez. Astean-astean ari zaizkigu hiltzen gure memoria kolektiboaren azken gordailu hauek. Ez literaturan zerbait izan direnak bakarrik, baita musikariak edo artistak ere. Oso bakanak dira jaso diren lekukotasunak. Zerbait aztertzen hasten garenean ohartzen gara.

Lastima, oraintxe bi urte hil zuan! Asteon, Iñaki Goenagaren txinparta ezagutu nuen egun berean eman zen argitara Kulturaren Euskal Plana. Uztailean Jaurlaritzak edukia onartu eta bere gain hartuko omen du. 120 neurri eta ez dakit noiz arterainoko ibilbide estrategikoa. Erakunde publikoak martxan jarri zirenetik jaso ez den guztia datorkizu burura, giza ondarearen batze lan planifikaturik izan ez delako betirako galdu diren bizitza txatal horiek guztiak, gure letra larriak ulertzeko beharrezkoak diren minuskula horiek.Etorkizuna nahi dugu, baina ez dugu oraina jaso.