Lagun Onak nesken taldea Espainiako Ligara igoko da

Urola-Kostako Hitza 2004ko mai. 17a, 14:05
Igoera lortu duen taldearen argazkia
  • Atzoko partidak, 6-1 irabazi arren, gehiago balio izan zuen maila igoera ospatzeko Garmendipera azaldutako zaletuen aurrean
  • "Neskek futbolean ez dakitela esaten dutenei, gure partidaren bat ikustera gonbidatuko nituzke", dio Mikel Salegi entrenatzaileak

Atzo goizean jokatutako partidak Lagun Onak taldearen nagusitasuna berresteko balio izan zuen. Izan ere, 6-1 irabazi zion Ondarruko taldeari eta mailaz igotzeko balio izan dion joko ikusgarria egin zuen. Espainiako Ligan ariko da.

Azpeitiarrak aurreko jardunaldian mailaz igotzeko eskubidea lortu zuten, Zumaiako taldeari 0-3 irabazi ondoren, eta atzoko partida ospakizuna gehiago izan zen ohiko norgehiagoka baino. Lagun Onakeko neskek partida erakustaldi gisa hartu zuten. Hortaz, ez da harritzekoa denboraldian zehar erakutsitako jokoa azalduta, partidaren jaun eta jabe bihurtzea.

Lehengo urtean ere izan zuten azpeitiarrek igotzeko aukerarik. Orduan, esku hutsik gelditu ziren. Aurten buru-belarri ekin zioten helburua lortzeari eta azkenik, merezitako igoera irabazi dute maisutasun handiz.

Partida bukatu ondoren, poza nagusitu zen jokalarien, bi entrenatzaileen eta zaletuen artean. Lehendabizi, jokalariek euren esker ona azaldu nahi izan zieten hara agertu ziren zaletuei: letrak zituzten kamisetak agertu zituzten eta jokalariak behar bezala lerrokatuta ostean, esker mila danoi irakurri zitekeen. Queen taldearen We are the champions kanta ospetsua bozgorailuetatik entzuteko aukera ere izan zuen, Garmendipera azaldutako zaletuen animo eta oihuekin bat eginaz. Lagun Onakeko kapitainak euren mailako onenen garaikurra jaso zuen Gipuzkoako federazioko agintarien eskutik.

Hurrengo denboraldia prestatzen hasi aurretik, orain, merezimendu osoz irabazitako hiru hilabeteko oporrak dituzte neskek.

Entrenatzailearen hitzak

Mikel Salegi taldearen entrenatzailea da bigarren urtez jarraian. Marcos Villanueva lagunarekin batera, jokalarien entrenamenduen eta taldearen jokatzeko moduaren arduradun zuzenak dira.

Non egon da igoera lortzeko gakoa?

Emaitza aldetik, Azkoitiko taldearen aurka haien zelaian irabazitako partida izan da erabakigarria. Baina orohar, neskek taldearekiko erakutsitako konpromisoa izan da igoera lortzen lagundu diguna. Motibazio handia behar delako astero hiru entrenamendu egin eta partida bat jokatu ahal izateko.

Zer esango zenieke nesken futbola gutxiesten dutenei?

Neskek futbolean ez dakitela esaten dutenei, gure partidu bat ikustera gonbidatuko nituzke. Joko polita egiten dute, fisikoa baino gehiago teknikoa eta hori gutxi balitz, partida bakoitzean gol asko ikusteko aukera egoten da.

Zuen helburua, mailaz igotzea, lortu eta orain zer asmo duzue?

Lehenik hiru hilabete ditugu atseden hartzeko, hurrengo denboraldirako jokalariek zer asmo duten jakin eta taldea behar bezala prestatzeko. Orain lan askoren emaitza jasotzea tokatzen zaigu.