Aitor Aranaren beste bi lan

Uztarria 2004ko mai. 15a, 13:05
  • Nafarroako ibar batzuetako euskararen egoera aztertzen ari da
  • Azken bi lanak: Zaraitzuerazko irakurgaiak eta Altzibarko hiztegia

Aitor Arana idazle legazpiarra (Urrestillan bizi da), Nafarroako hamabost ibarretan euskararen egoera aztertzen ari da; hain zuzen, ibarrotako 350 herrixkatan euskara galdu egin da azken 160 urteetan.

Haren asmoa hamabost urteetan 21 lan aurkeztea da, eta herenegun plazaratu zituen azkeneko biak: Zaraitzuerazko irakurgaiak eta Altzibarko hiztegia. Hiria etxearekin ari da lanean, Lingua Navarrorum bilduman. Nafarroako Gobernuak ez ditu diruz lagundu azken bi lan horiek.

"Neure euskaltzaletasunak eta ibar horietako jendearenak bultzatuta hartu dut lan hau", esan zuen Aranak aurkezpenean, gaur Berria-n irakur daitekeenez. Idazlea baikor dago aurrera begira. "Egundoko euskaltzaletasuna sumatzen da ibar horietan; eta bertan bizi diren euskaldun berrien eta ikastoletako ikasleen multzo handiak ikusita, bada aukerarik aurrera egiteko".