Ikasleek eginiko arte lanen erakusketa ikusgai

Uztarria.eus 2004ko mai. 11a, 20:05
Erakusketan dauden arte lan batzuk
  • Estudio Diart-eko ikasleek 2004. ikasturtean eginiko lanak dira
  • Adin guztietako jendeak hartu du parte; hasi 14tik eta 82ra arte

Urteroko legez, Estudio Diart-eko ikasleek erakusketa jarri dute, urtean zehar eginiko lanak erabiliz (60 bat lan guztira). Erakusketak maiatzaren 10etik 28ra bitartean iraungo du Antxieta etxean. Astelehenetik ostiralera bitartean egongo da zabalik 18:00etatik 20:00etara.

Mota guztietako teknikak erabili dituzte ikasleek lanok egiteko. Margolanak dira ia guztiak, bustinez eginiko eskultura bat badago eta. Aurkeztutako lan gehienak olioan eginikoak dira eta besteak pastelean daude eginak. Korronte inpresionista, errealista eta abstraktuak ikusi ahal izango dira lanen artean.

Aniztasuna

Aniztasuna dago bai lanetan eta baita adinean ere. 14 urtetik hasi eta 82 urte bitarteko jendea dabil lanean eta diferentzia hau lanetan islatzen dela dio Diego Kruz irakasleak "bakoitzak bere gustuko gauzak margotzen dituelako eta adin ezberdinekoak izanik gustuak ere horrelakoak direlako".