Pediatra euskaldunen eske sinadura bilketa egingo du EHEK

Urola-Kostako Hitza 2004ko mai. 7a, 21:05
  • Osasun zentroan "hizkuntza eskubidea" urratzen dela salatu du

Osasun zentroetan hizkuntza eskubideak urratzen direla salatu du Euskal Herrian Euskarazek. Horregatik, gaur eta bihar sinadura bilketa egingo du Zarautzen eta Azpeitian.

Dirudiena ez dela hala, hori da EHEk dioena: "Badirudi gure herrian euskaldunok hizkuntza eskubide oro errespetatuta dugula, baina beste hainbat kasutan bezala, hizkuntzarena ere urratua dugun eskubideetariko bat da". Eta, eskubideak urratzen direnean euskaldunek azpimarratu egin behar dutela diote: "Egoera honek gaur egungo hizkuntza politika zintzilik jarri eta euskara ofiziala izango den berehalako hizkuntza politika baten premia dela aldarrikatu behar dugu". Honen harira, gaur egun euskararen erabilpen eta egoeraren inguruan kontraesanak ematen direla salatu dute: "Euskararen erabilera, euskarazko irakaskuntzaren eskaera eta eskaintza, euskararen normalizaziorako planak eta abar gero eta indartsuagoak direla azpimarratzen dira garai hauetan, eta ez al da kontraesankorra hainbat osasun zentrotan, gune pribatuan, udal administraziotan, epaitegian eta abar erdaraz hitz egin beharra?".

Herriko osasun zentroan euskaldunek euskaraz ere ezin dutela hitz egin adierazi du EHEk; haurren kasua azpimarratuz bereziki; esaterako Azpeitiko anbulategiko pediatren kasuan. "Haurrek ere ezin dute euren hizkuntzan hitz egin, derrigortuak dira ama hizkuntza ez den beste hizkuntza baten bidez azalpenak ematera. Bi pediatrek ez dakite euskaraz. Eta badirudi dugun eskubide bakarra sendagilearen zerbitzuak jasotzea dela, gure oinarrizko (hizkuntza eskubideak) kontuan hartu gabe".

Sinadura bilketak

Zarautz

Gaur. 19:00etatik 22:00etara Musika Plazan.

Bihar. 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 22:00etara, Musika Plazan.

Azpeitia

Bihar. 11:30etik aurrera, Plazan.