Bi herri bertso desafioan

Urola-Kostako Hitza 2004ko api. 30a, 18:04
  • Aizarnazabalen, gaur, 22:30ak aldera Uztarri tabernan Azpeitia-Zarautz bertso desafioa izango da
  • Kostakoak ala barrukoak bertsotan zeinek gehiago?

Gaur da zita, kafe orduan, 22:30ak inguruan, Aizarnazabalgo Uztarri tabernan. Erdibidean elkartuko dira bertsotan jarduteko Zarauzko eta Azpeitiko hiruna bersolari. Bi herrien arteko bertso desafioa da gaurkoa.

Azpeitia-Zarautz, Zarautz-Azpeitia bertso desafioa egiteko ideia II. Erniarraitz bertsolari gazteen arteko bertso lehiaketako finalean sortu zen. "Txapelketako finalera joateko bertsolariak Orkatz tabernan gelditu ginen eta orduan erabaki genuen desafioa egitea", kontatzen du Leire Ostolazak. Iñigo Mansizidor Mantxi zarauztarrak uste du bertso desafioak "morbo puntua" duela eta jendea animatzen dela era honetako saioekin.

Martxoaren bukaeran izan zen finala, hain justu duela hilabete. Lehiaketan bertso eskola desberdinetako bertsolariek parte hartu bazuten ere, Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa eta abar, finalera Azpeitiko hiru bertsolari eta Zarauzko beste hiru heldu ziren. Hiruna bertsolari aritu ziren lehian, Azpeitian, Soreasu zine aretoko oholtza gainean. Zarauztik etorrita Nahikari Gabilondo, Iñigo Mansizidor Mantxi eta Felix Zubia; Azpeitikoak, berriz, Leire Ostolaza, Beñat Lizaso eta Jokin Uranga. Azken horrek eraman zuen txapela. Gaur, bertso desafioan finalean aritu ziren sei bertsolarietatik bost ariko dira; Azpeitiko taldean Jokin Urangaren ordez Haritz Etxeberria Ministro arituko baita. "Gu txapeldun gabe goaz, baina Ministro gurekin izango dugu umore ona jartzeko eta gaizki arituz gero badaukagu zer esana, txapelduna falta zaigula, alegia", dio Ostolazak. Honen harira, Mantxik zera dio: "Urangarik gabe ariko direla azpeitiarrak, hori arrazoia baino aitzakia da. Ministrok Erniarraitz txapelketa polita egin zuen".

Orain hilabete, Azpeitikoak etxean aritu ziren, Zarauzkoak kanpoan eta gaur erdibidean izango behar, Aizarnazabalen. "Toki neutroan", dio Ostolazak. Biak ala biak, Zarautzko eta Azpeitiko taldeak saio polita egiteko asmoz doaz bertsotara. "Lehiaketan ez bezala, gaur lasai, saio polit bat egitera eta ondo pasatzera joango gara", dio Mantxik.

Herri arteko bertso desafioak

Bai Zarautzeko bertsolariek eta bai Azpeitikoek ez dute lehenengoa gaurko bertso desafioa. Bi herrietako bertsolariek herri arteko bertso desafioetan jardundakoak baitira.

"Herri arteko joku txikiak dira bertso desafioak. Jendea oso morbosoa da eta puntu hori emateagatik antolatu dugu gaurko Zarautz eta Azpeitiaren arteko bertso desafioa", dio Iñigo Manzisidor Mantxi bertsolari zarauztarrak.

Zarauztarrek Oñatiko bertso eskolarekin egin izan dute era honetako bertso desafiorik. Azpeitikoek, berriz, Lesakako bertsolariekin orain dela hilabete gutxi ere egin zuten antzeko zerbait. Azpeitian, Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria Ministro, Xabier Silveira eta Estitxu Arozena aritu ziren. Gero, Lesakan egin zuten beste saioa. Orduan Ministro txapelarekin etxeratu zen. "Jokin Uranga zen Lesakara joatekoa baina gaixotu egin zen eta nik lana neukalako ezin izan nuen joan Lesakarekin genuen bertso desafiora, ez dut gogoan Ministro zeinekin joan zen Lesakara, baina txapel eta guzti etorri zen", dio Ostolazak.