Xabier Mendiguren: 'Errealitate gordin baten aurrean gaude'

Uztarria.eus | Euskara
2004ko api. 28a, 19:04

  • Xabier Mendiguren euskararen egoeraz eta konpromisoen beharraz mintzatu zen
  • Hainbat azpeitiar esanguratsu ere berarekin gonbidatuta zeuden.

Mahai-inguruko parte hartzaileak  Argazki originala

Guztira 25 lagun inguru bildu ziren martxoaren 27an (asteartea), Uztarriak antolatutako mahai-inguruan. Sindikatu Zaharrean zen zita. “Euskara: denon konpromisoa” lemapean, hainbat azpeitiar esanguratsu gonbidatu zituen Uztarriak: Kepa Peñagarikano pilotaria, Pedro Otaegi aktorea, Xabier Agirretxe sindikalista eta Lurdes Goenaga auzitegi medikua. Hauekin batera, Kontseiluako idazkari nagusia den Xabier Mendiguren egon zen. Moderatzaile lanetan berriz, Laxaro Azkune izan zen. Beraz, esparru desberdinetan lanean aritzen diren lagunen esperientzien berri izateko aukera izan zen.

Kontseiluak aurten abiatu du ekimen berri bat, ekimen hau “Hizkuntz eskubideak: denon konpromisoa” lemapean doa aurrera urtarrilaz geroztik. Ekimen honek, Xabier Mendigurenek esan bezala, lau ildo nagusi ditu:

  • Gizarte eragileen konpromiso hartze dinamika berrindartzea: herri bakoitzean eragile berriek Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko ahalegina egiten ari da.
  • Akordio Sozio Politikoa: nazio mailan garatzen ari da, eta bi zutabe ditu: normalizazioa bizkortzeko neurriak eta euskalgintza babestekoak.
  • Norbanakoen konpromiso prozesua: norbanakoei euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzeko proposatzen zaie.
  • San Mames euskaltzalez betetzeko ekitaldia. Une berean Europako beste herri batzuetan ere antzeko ekitaldiak egingo dira.

Hainbat alorretan euskarak bizi duen egoera gordina ikusirik, norbanakoen konpromisoak beharrezkoak direla aipatu zuen, hauen artean Kontseiluak hainbat aipatzen ditu: euskarazko produktuak erosi, euskal hedabideen harpidetza egin, hizkuntza urraketak Behatokiari salatu,...

Kepa Peñagarikanok, bere lanbidean (pilotari profesionala da, Asegarce enpresakoa da) euskararen presentzi eskasaz hitz egin zuen. “Hitzez bai, baina eguneroko errealitatean erdara da nagusi”.

Pedro Otaegik Goenkale saioan ikusten duen egoera azaldu zuen, bere esanetan “arropetakoek, makilajekoek, kafetegian…erdaraz egiten dute. Penagarria da egoera hau”.

Lurdes Goenagak ere ez zituen albiste hobeak eman. Bere lanbidean, euskararen egoera oso txarra da, esaterako, 16 auzitegi medikutatik 2 daude euskaldunak. Gainera, justizia administratiboan gero eta langile gutxiago dira euskarazko kurtsoetara joaten direnak. Gainera, epaileen kasua bezala, asko behin-behinekoz egiten dute lan Euskal Herrian eta ez dute motibaziorik euskara ikasteko.

Xabier Agirretxek, lan munduan ere egoera ez dela ona aipatu zuen. Nahiz herriko enpresetan ahozko harremana euskarakoa izan, idatzizko ohiko harreman gaztelania da gaur egun nagusi eta hor sindikatuek (bera eskualdeko ELAko arduraduna da enpresa txikietan) zeregina dutela esan zuen.

Xabier Mendigurenek hainbat datu esanguratsu komentatu zituen: “Osakidetza 20 urte planik gabe egon da, Eusko Jaurlaritzak lan mundurako 90 milioi pta gastatzen ditu eta Fagor enpresak berak bakarrik 2 aldiz gehiago,...Beraz, errealitate gordin baten aurrean gaude. Hedabideen eragina ere nabarmena da, ez ditugu euskal hedabideak kontsumitzen. Gainera, lan mundura iristen ez den bitartean, euskara beti izango da bideko hizkuntza bat. Epe labur baten berreskuratze plan bat egin behar da. UNESCOk, euskara, arriskuan dauden hizkuntzen artean sartu du. Ezin da agintarien zain gelditu. Pertsona askok lan handia dute eguna euskaraz egiteko. Gainera, etorkizunean etorkinen erronka serio hartu behar da. Hemen ez bezala, Katalunian bere hizkuntza finkatuta dute, nahiz eta etorkin asko egon. Beraz, minoria bat gara eta epe labur baten berreskuratze plana egin behar da”.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu