Euskal Eskola Nazionalaren III. Eguna ospatuko da igandean

Uztarria.eus | Herria
2004ko api. 22a, 11:04

  • Atzo aurkeztu zuten Ikasberri Ikastolako kideek Donostian eta besteak beste, Nabarraldeko historialariak omenduko dituzte
  • Bi helburu ditu: gogoeta bultzatzea eta ikastola Euskal Herriaren eskola nazionala dela aldarrikatzea

Igandean, Euskal Eskola Nazionalaren III. Eguna ospatuko da Azpeitian. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte eta guztiaren berri emateko, atzo Donostian, Ikasberri Ikastolako kideak izan ziren.

Egun berezi honek(lehenengo urtea eta bigarrena) honek bi helburu ditu: batetik, ikastolen sarearen barnean gogoeta bultzatzea, nazio kontzientzia suspertzeko eta barneko indar bilketa egiteko. Bestetik, ikastola Euskal Herriaren eskola nazionala dela aldarrikatzea. Aurkezpenean Mirari Bereziartua, Ikasberri ikastolako kidea eta Euskal Eskola Nazionalaren III. Egunaren koordinatzailea, izan zen helburuen azalpenak ematen. "Maiz egunerokotasunak jan egiten gaitu. Burua altxatu eta sudur aurrean duguna baino haratago begiratu behar dugu" esan zuen eta horregatik helburua, "hezkuntza sektorean hausnarketa egitea" dela adierazi. Antolatzaileek ustetan, hezkuntza sistemak garrantzia handia du herri bat sortzerakoan. Honen aritik, Bereziartuak "Espainiak eta frantziak, estatu modernoa egiterakoan, euren hezkuntza sistema propioa egin zuten" adierazi zuen eta "Euskal Herriko biztanleek ere gure sare propioa egiteari ekin genion. Euskal eskola nazional ez baita atzo goizean Ikasberriko kideek asmatutako zerbait" azpimarratu.

Euskal Herrian aspaldiko kontua dela eman zuten aditzera. "1936ko gerraren aurretik Euskal Eskolak sortu ziren. Horren ostean, Ikastola izenarekin berpiztu ziren". Antolatzaileen esanetan, "sare guztietan daude abertzale konprometituak, baina bi estatuen hezkuntza sareetatik kanpo, euskal herriarengandik sortutako sare egitura duen bakarra Ikastola da". "Ikastola da herri honen berezko hezkuntza sistema, eta euskal eskola nazional lortzeko motorra izan behar duena". Gainera, "Euskal Herriak admimistrazio propioa ez daukan bitartean ezin ditugu eskola publiko eta pribatu terminoak erabili; izan ere, horiek administrazioko kontzeptuak dira".

Ikasberrik, euskal eskola nazionala lortu nahi dutenen arteko indarrak bildu nahi ditu eta horretarako, memoria historikoa berreskuratzea beharrezkotzat du. Hau dela eta, Nabarraldeko historialariak omenduko dituzte igandean. Guztira, 23 historialari izango dira omenduak eta hauetatik 15 hilda daude dagoeneko. Historia, hizkuntza eta herri identitatea lortzeko ezinbestekotzat dute antolatzaileek.

Antso Nagusia kale berria?

Antso Gartzes III.a, Antso Nagusia, Nafarroako Erresuman euskaldunen errege lanetan ezaguna izan zen. Bere erregetzaren milurtekoa dela eta, igandean gogoan izango dute. Anacleto historialariak, Estado politiko de vasconia liburuan, honela hitz egiten du Antso Nagusiari buruz: " Antso III.a Nagusiak maisuki aukeratu zituen Euskal Estatuaren mugak; izan ere, Nafarroari eman zizkionak geografikoki naturalak ziren. Euskal nazionalitatearen aita dugu. Hari esker bizi gara herri gisa".

Euskal Herriaren historian izan duen garrantziagatik, Ikasberri ikastolak azpeitiko kale bat Antso Nagusiari eskaintzea proposatu dio Udalari. Bereziartuak eskaera onartua izateko arrazoiak ikusten ditu, Azpeitiko alkatea "Udalbiltzako, hots, euskal erakunde nazional bakarreko buru izanda" zentzuzkoa delako.

Aurkezpenaren amaieran, Eneritz Aranzadi eta Itsaso Egiguren ikasberriko ikasleek, gazte guztiei dei egin zien igandean, Euskal Eskola Nazionalaren III. Egunera gerturatzeko.

Egitaraua

Egun osoan zehar ospatuko da Euskal Eskola Naizonalaren III. eguna.

Udaletxe azpian, ikastolei ongi etorria egingo zaie eta jolasak hasiko dira. 10:30ean izango da.

Omendutako historialariei ongi etorria, 12:00etan.

Ekitaldi ofiziala, udaletxe azpian. 12:30ean

Gazteen ikurrin dantzarekin amaituko den kalejira, 13:00etan.

Triki-poteoa, 13:30ean

Herri bazkaria, azoka plazan. 14:30ean.

Bazkal ondoren, gazteen parodia, herri kantak, dantzak...

Txan magoa eta jolasak, plaza nagusian, 16:00etan.

Goizetik gauera bitartean, gaztetxoentzat puzgarriak egongo dira eta haur eta gazteentzat herri kirolak.

Albistea Berrian aurki dezakezu.

Bidali:  

Erantzunak

ikasle bat | 2004-04-26 : 09:04

oso ondo joan zen eguna. Gainera beste herrietako 16 ikasle bezperatik etorri ziren eta harreman bikaina lortu genuen haiekin. giro polita nagusitu zen eta inguratu zirenek ondo pasa zuten. hurrengo urterako gogoz beteta gaude eta aipatu beharra daukat nabarraldek eginiko lan bikaina ere; jarrai dezatela horrela, egunen batean gure herriaren benetako historia osoa jakin ahal izateko, izan ere, orain arte gezurretan ibili dira betiko gezurtiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu