Asier Serrano barnetik ezagutzeko aukera izan zen atzoko ekitaldian

Uztarria.eus 2004ko api. 2a, 19:04
Serrano, jo zituen kantetako batean (Kepa Urbieta)
  • Literatuzta literatur aldizkariaren aurkezpen ekitaldian izan zen
  • Jendeak eginiko galderei zintzotasunez erantzun zien
  • Gaur, Harkaitz Canoren Hirisladak Aitonena I aretoan, 22:00etan

Gitarra akustiko soil bat eta pertsona zintzo bat. Horiek izan ziren atzo Sindikatu Zaharrean, emanaldi bat osatzeko behar izan ziren elementu guztiak. Literatuzta aldizkariak antolatu dituen ekimenen harira etorri zen eibartar idazle eta musikaria bere bizitzako kontakizunekin.

Ez zen jende askorik bildu, baina gerturatu zirenek gogoz jarraitu zituzten Serranoren kontakizunak. Barru-barrutik mintzatu zen, garbitasun handiz, alderdi ezkutuak azaleratuz eta idazle xume bat ezagutzeko aukera izan zen.

Solasaldi musikatua zuen izenburua eta halaxe izan zen. Idazten hasi zeneko garaiak gogoratu zituen, zergatiak eta gora-behera handiko pertsona bat deskribatu zuen. Bizitzaren leku ilunak eta argiak ezagutu dituen "bakarlari" bat, hala zioen bere buruaz. Jendeak eginiko galderei zintzotasun handiz erantzun zien; ez zuen inolako konplexutasunik erakutsi egindako gauzez hitz egitean.

Sentimenduak idazten ditu. "Nik sentitzen dudana idazten dut, ikusten dudana, ikuspegi fotografikoa bat egiten dut". Baina sekula ez da damutu idatzi izan duenaz. "Nik atzera begiratu eta garai batean nolakoa izan nintzen ikusten dut. Zorionez, oraindik ez naiz asko aldatu; ez naiz idatzitako gauzez damutzen, garai bakoitzak bizi izan ditudan moduan azaldu ditut".

Lubaki Banda, E.H Sukarra, Lorelei, orain bakarlari. Bost liburu argitaratuak, beste bat ari da prestatzen. Asko eman dio Euskal Herriari, asko eman zien atzo hurbildutakoei. "Bizitza bizitzen jakin behar da. Azken arnasa hartzean nire buruari galdetuko diot, gustura bizi izan al haiz?. Baietz erantzun eta lasai hilko naiz".

Harkaitz Canoren Hirisladak

Gaur, Aitonena I aretoan Uztail Oparo Ostean taldea izango da Litertuzta-ren aurkezpen ekitaldien barruan. Harkaitz Cano idazlearen poemak entzungai izango dira musikaz eta irudiez lagundurik, Hirisladak izenburupean antolatu duten emanaldian. Saioa, 22:00etan izango da.