'Literatuzta' 2. zenbakiaren aurkezpen ekitaldiak

Uztarria.eus 2004ko api. 1a, 18:04
Literatuzta aldizkariaren azala.
  • Asier Serranoren eta Harkaitz Canoren emanaldiekin aurkeztuko da
  • Literatura aldizkaria astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango da; doan Uztarriaren bazkideei eta euro batean besteentzat

Literatuzta 2. zenbakia argia ikustear dago. Astelehenean izango dira nahi duten guztien eskuragarri honako leku hauetan: Uztarriaren egoitzan, Eklipse kultur dendan, eta Orkatz, Zuhatz eta Urtzi tabernetan. Baita biharko (ostirala) ekitaldian ere. Uztarriaren bazkide direnek doan jaso ahal izango dute aipatutako lekuetan eskatuz. Bazkide ez direnek Literatura aldizkaria nahi izanez gero, euro bat ordaindu beharko dute. Oraingoan 14 azpeitiarren idatziak biltzen ditu aldizkariak; poesia, ipuin eta antzerkia irakurri ahal izango da.

Iaz, uztailean atera zen Literatuzta-ren 1. zenbakia eta Azpeitiko 16 gazteren lanak bildu zituen. 2. zenbakian 14 lagunek parte hartu badute ere, 20 inguru dira egitasmoarekin bat egiten dutenak eta aurrerantzean txandakatuz idatziak kaleratuko dituztenak.

Taldea, dena den, irekia dago idatzi nahi duen ororentzat. Literaturarenganako hurbilketa bilatu nahi du parte hartu duen jendeak eta hiru edo lau hilean behin saiatuko dira ekarpen txiki bat egiten aldizkariaren bitartez.

Aurkezpenak

Aldizkariaren zenbaki bakoitzean, ekimenak antolatzeko asmoa dago, edozer izan daitekeelarik, beti ere literaturarekin lotuta. Oraingo honetarako, Asier Serrano idazle eta kantalari eibartarra etorriko da gaur, ostegunean. Solasaldi musikatua eskainiko du; bere ibibidea eta idatziak azalduko ditu musikaren laguntzarekin. Sindikatu Zaharrean izango da, 21:00etan.

Bihar, ostirala, Harkaitz Cano etorriko da Uztail Oparo Ostean egitasmoarekin, eta Hirislada saioa eskainiko dute. Poesiaz, musikaz eta irudiez osatutako saioa Aitonena I-eko aretoan izango da, 22:00etan.