Julian Ruiz margolaria, 'Hitza'-n mintzo

Urola-Kostako Hitza 2004ko mar. 25a, 12:03
  • "Antxietan bildu dudan obra orain leku desberdinetan erakutsi nahi dut"
  • Martxoaren 26an bukatuko da erakusketa

Sei urte daramazki Azkoitian bizitzen, baina azpeitiarra da, Julian Ruiz. Pintzel txikiz, koadroak margotzea da bere afizioa, baina bizibidea "pintzel lodiz" margotzea du. Antxieta etxean hilaren hasieratik bere koadroak daude erakusgai eta bihar, ostirala, da azken eguna. Erakusketa 18:00etatik 20:00-etara bitartean dago irekita.

Zenbat lan jarri dituzu Antxietan?

Ia 30 koadro daude. Denbora desberdinetan egindakoak dira. Bakarren bat, orain hamar urte egindakoa da eta beste batzuk, bi hilabete besterik ez dituzte.

Koadroak margotzeko zein teknika erabiltzen duzu?

Gehienbat olio-margoarekin egiten dut lan. Arkatzez egindako marrazketa ere asko gustatzen zait. Baina, olioarekin egiten dut lan gehiena.

Denbora asko pasatzen al duzu koadroak egiten?

Ez dut gehiegi margotzen. Eta gainera nik egiten ditudan koadroek lan handia dute. Gutxi eta poliki margotzen dudanez koadro bat egiteko denbora behar izaten dut. Gainera, afizio bat da margotzea, ez naiz hortik bizi.

Erakusketak egiteko asko mugitu behar al da?

Bai, hala da. Norbera mugitu behar da. Gainera, leku askotan Curriculum-a ere eskatzen dute. Galeria batzuk ez daude edonori irekita; agian zure obra gustuko dute, baina iragarkian zure izena jarri behar dutela eta ez bada ezaguna, inor ez doa erakusketa ikustera. Eta galeriei, interesatzen zaiena koadroak ikustera eta erostera jendea hurbiltzea da; hortik bizi baitira. Baina, beste leku batzuk ere badaude, edonoren koadroak erakusten jartzen dituztenak.

Non erakutsi duzu zure lana?

Inguruko ia herri guztietan. Eta orain, Antxietan bilduta dudan obra, leku desberdinetan erakusteko gogoa daukat: Zarautzen, Eibarren, Zumaian, Donostian, Bilbon, Gasteizen... Ez daukat curriculum handirik, ez naizelako asko mugitu, baina obraren kontura, argazkiak-eta erakutsiz mugitzeko gogoa daukat. Dagoeneko, leku bat lotuta dut; uztailean Azkoitian edukiko dut hilabetez.

Eta orain zergatik mugitzeko gogoa?

Ba dagoeneko badaukadalako obra bat osatua, eta hori da nik nahi nuena. Askotan, estiloarekin nahastu samar ibiltzen naiz, denetik egiten dudalako: klasikoa, abstraktoa... Eta zerbait definituagoa egin nahi nuen, obra hau bezala oso surrealista.

Zeure kasa ikasi al duzu margotzen ala ikasten ibilia zara?

Haurra nintzela, marrazketako klaseetara joan nintzen. Orduan, Madrazok marrazketako eta pinturako eskola bat zuen, Soreasu auzoaren inguruan. Urte mordoa dira, hogei urtetik gora. Gero, urte batzuk Arte eta Diseinu ikastegian egon nintzen, han dekorazioko ikastaroak egin nituen eta gero pinturako klaseak ere hartu izan ditut. Dekorazioa ez nuen oso gustukoa eta hiru urtetan ibili eta utzi egin nuen.

Gaur egun margotzen ikasteko aukera nola dago?

Arte plastikoaren aldetik ez dago aukera handirik Azpeitian. Horretan, pixkat gehiago inbertitu beharko litzatekela uste dut, aukera gehiago emanez. Eta nire ustez, herriaren erdigunean, asteburuetan ere irekita egongo zitekeen erakusketa areto bat falta da.