Kartzela zigor eskaera igo die gazteei

Urola-Kostako Hitza 2004ko mar. 24a, 16:03
  • Fiskala, hiru urtetik bost urteko kartzela zigorra eskatzera pasatu da
  • Akusazioaren lekukoak ez ziren agertu, eta gazteen epaiketa atzeratu egin da

Ezusteko galanta hartu zuten atzo bederatzi gazteek, haien aurkako epaiketak okerrera egin-eta gero. 2002ko inauterietan, Elegante Egunez, orduan alkate zen Jose Mari Bastidarekin izandako liskarragatik zuten epaiketa Donostiako auzitegian, atzo, 10:30ean.

Lehen, fiskalak, hiru urteko kartzela zigorra eta inhabilitazioa eskazten zituen; bost hilabeteko isuna (eguneko 12 eurokoa), lezio hutsegiteagatik; bi hilabeteko isuna (eguneko 12 eurokoa); eta Bastidari 2.196 euro eta 168,28 euroko indemnizazioa ordaintzea eskatzen zituen. Orain, zigor eskaera bost urteko kartzela eta bederatzi hilabeteko isuna (eguneko 12 eurokoa) ezartzera igo du. Zigorra areagotzeko 7/2000 lege organikoaren aldaketan oinarria duen kodigo penaleko, 551. artikuluko bigarren artikuluan oinarritu zen fiskala.

Fiskalak egindako eskaerak, epaileak onartu egin zituen, eta ondorioz bertan behera gelditu zen atzoko epaiketa. Izan ere, tamaina horretako zigorra aurrera eramateko konpetentziarik ez du Donostiako Auzitegiak, eta auzia Probintziako Auzitegira pasatuko da.

Txarrera egin du auziak. Fiskalak eskatutako zigorra gogortu egin baita. Ezustea izan zen, Azpeititik Donostiako epaitegira hurbildu ziren 30 pertsonentzat; bederatzi auziperatuak (Iker Salegi, Eneko Ibarguren, Mikel Labaka, Oier Letamendia, Jon Arrue, Jokin Uranga, Aitor Otaegi, Xabier Zuazolazigorraga eta Josu Urbieta), hauen lekuko bezala joandakoak, gurasoak, anai-arrebak eta lagunak bildu ziren han. Ezustekoa bederatzi gazteen abokatua den Luix Barinagarrementeriarentzat ere. Hala azaldu zuen honek epaiketan bertan: "Sorpresiboa izan da zigor eskaera igotzea, ahozko epaiketa egunean bertan planteatu baitu fiskalak".

Akusazioaren lekukorik ez

Akusazioaren lekuko bezala, bost herritar (Jose Mari Bastida, Iñaki Etxezarreta, Alejo Uranga, Ignacio Egaña eta Mari Carmen Larrañaga) zeuden deituta, baina hauetako inor ez zen agertu atzo Donostiako epaiketara; ezta hauen abokaturik ere. Berez, hauek ez agertzeak ere epaiketa bertan behera utziko zukeen, eta atzeratu egingo zen. Baina ez zen hori atzeratzeko arrazoia izan; fiskalaren zigor gogortzea izan zen epaiketa bertan behera gelditu eta Probintzia Auzitegira pasatzeko arrazoia.

Epaiketa, 2002ko inauterietako liskarren ondotik, Jose Mari Bastidak jarritako akusazio partikularretik abiatu zen. Baina, Bastidak 2003ko urtarrilean atzera bota zuen bere akusazioa. Eta, atzo, Donostiara azaldu izanak "auzi honekin epaitegian ez jarraitzeko borondatea", erakusten duela zihoen Barinagarrementeria gazteen abokatuak.

Hala ere, epaitegian eginbide batzuk irekita zeuden eta akusazio publikoak aurrera egin du. Hitza saiatu da haren abokatuarekin harremanetan jartzen, baina lehen kasua jarraitzen zuen abokatuaren arabera, "akusazio partikularra atzera bota zutenetik" kasua ez darama hark.

Eta bestetik, gazteetako bik —Iker Salegik eta Eneko Ibargurenek— haien salaketak aurrera jarraitzen ez zuela-eta aurre egiteari utzi egin zioten, "garai hartan sortu zen giroagatik".

Gazteak, orain Probintzia Auzitegira epaiketara noiz deituko gelditu dira. Lehen, bi urte luze pasatu dira eta orain, berriz, itxoin egin beharko dute. Epaiketatik irten ondoren senideak kezkatuta azaldu ziren atzo, gazteei zigor eskaera areagotu zaielako eta auzia luzatzen delako. Auziperatutako gazteek, berriz, uste dute, Azpeitiko gazteen arazoak ez "direla ez epaitegietan, ez komisarietan eta ez kartzeletan konponduko". Eta, "elkarrizketa eta parte hartzea oinarri izango dituen bideak jorratzen hasteko eskatu zuten".