Hazparneko kontseilari nagusia izateari utziko dio Jacques Coumetek

Uztarria.eus 2004ko mar. 22a, 19:03

Bigarren itzulia pasatu arte ez da jakingo nork beteko duen bere lekua

Duela 31 urtetik zen Hazparneko auzapeza kontseilari nagusi

Azpeitiarekin senidetuta dagoen Hazparnen aldaketak egon ziren atzo kantonamenduetako hauteskundeetan. Azkeneko 31 urteetan Jacques Coumet auzapeza (UMP) izan da Hazparneko kontseilari nagusi baina atzo, hauteskundeetako lehen itzulian, bigarren geratu zen; BeƱat Intxauspek (UDF) irabazi zuen.

Orain sei urte Coumet lehenengo itzulian izan zen aukeratua, botoen %50 gaindituta, eta ez zuten, beraz, bigarren itzulirik egin. Oraingo honetan, ordea, inork ez du gainditu boto kopuru hori. Coumetek %30 baino gutxiago lortu ditu. Intxauspe %45ean gelditu da; beraz, bigarren itzulia egingo da kontseilari nagusia izendatzeko. Hala ere, emaitzak ikusita Coumetek lehiatik kanpo geratzea erabaki du, eta ez du bigarrengo itzulian parte hartuko.

Coumeten izena aspaldian asko dabil komunikabideetan, oraindik orain Euskal Herria Zuzenean jaialdi ezagun eta erraldoia Hazparnen ez egiteko debekua eman duelako eta horrek hautsak harrotu dituelako.

Abertzaleak jaitsi

Duela sei urte lortutako boto kopurua jaitsi egin da abertzaleen artean. Orduan Xarlo Etxezaharretak (AB) %19,63 lortu zuen, 816 botorekin. Oraingoan, AB, Segi Aitzina, EA eta Elgar-ensamble-ren artean banatu dira boz horiek. Elgar (ez da alderdi abertzalea, baina oso gertu dago abertzaleen eskakizunetatik) hirugarren lekuan geratu dira, %10arekin. Gainontzeko hiruren artean 438 boto besterik ez dituzte lortu.

Gara eta Berria egunkarietan duzu honen informazio gehiago.