Azpeitiarrak Madrilen

Uztarria 2004ko mar. 12a, 20:03
  • Atentatuen ondoren, "paniko egoera" bizi dela diote han lan egiten duten herritarrek
  • "Espainiarrek ez dute sinetsi nahi ETA ez dela izan, orduan bi fronte izango dituztelako"
Jon Esnaola

Jon Esnaola

Jon Esnaola azpeitiarra eta Madriletik 20 kilometrora bizi da, Boadilla del Monten, baina Madrilen egiten du lan. Ostegunean goizean goiz irten zuen etxetik lanera joateko, kotxez, ohi bezala. “Irratia piztu nuen, eta ordurako ari ziren esaten atentatua egon zela baina artean hildakoen berri ez zuten ematen”. Lasai antzean abiatu zen, beraz, Jon Madrilera, amak poltsikoko telefonora deitu zion arte. “’Zer pasatzen da, Madrilen?!’, esanez deitu zidan. Buelta hartu eta etxean utzi nuen kotxea, Donostiako matrikula dudalako eta…”.

Autobusa eta metroa hartuta iritsi zen lantokira; atentatu leku batetik gertu du laneko lekua. “Hura koadroa lanean! Asko odola ematera joanda zeuden, eta zeudenek ez zidaten ezer esaten. Irratiari baino ez zioten egiten kasu. Nik esaten nien nire ustez ETA ez zela atentatuen egilea, baina haiek ezetz, ez zutela sinesten hori. Gainera, Madrilgo komunikabideak egilea ETA izan zela esan eta esan ari ziren, eta hemengo jendeak komunikabideek diotena itsu-itsuan sinesten du. Lankide bati Arnaldo Otegik prentsaurrekoan esan zuena erakutsi nion, euskal webgune bat irekiz, lankideak irakurri zuen baina ez zuen nahi sinesterik. Alferrik ari nintzen, hortaz”.

Espainiako segurtasun indarrek bazuten egun hauetan Madrilen atentaturen bat gerta zitekeen susmorik, eta Jon Esnaolak nabaritu zuen haien kezka lehengo astean. “Behin ere baino polizia gehiago ikusi nituen hemen. Metroan zakarrontziak begiratzen eta abar. Ez zebiltzan oker”.

Atzo izan zen atentatua, sarraskia, “eta ostegunak igandea” ematen zuen Madrilen, azpeitiarrak dioenez, “trafikoa izugarri jaitsi zelako. Normala da, paniko egoera bizi zelako hemen”.

Jon bera gaur Malagara joan da, laneko kontu bategatik, “eta Malagan ere jendeak ez du sinetsi nahi atentatu egilea Al Kaeda izan denik. Eta hauxe da arrazoia: ETA ez bada izan —eta hori nahi dut nik, ez izatea (ETAk gaur arratsaldeko idatzia plazaratu aurretik hitz egin dugu harekin)—, eta Al Kaeda izan bada, Espainiak bi fronte izango ditu, eta espainiarrek ez dute nahi hori. Espainiarrek uste dute ETA garaitua dutela, baina orain Al Kaeda bada… Jendeak askoz nahiago du egilea ETA izatea”.

Miren Prat

Miren Prat azpeitiarra, Madrilen bizi da eta bertan egiten du lan. Osteguneko egoera oso nahasia izan zela dio, eta gaur artean egoera berak segitzen zuela. Bera trenez asko mugitzen da, “eta gaur goizean trena hartzean denek motxiletan finkatzen zuten begirada. Gaur Madrilen trenbide sarean bi lehergailu desaktibatu dituztela zabaldu da eta beste hamalau bonba omen daudela lehertzeko zorian. Azkenean gezurra zen. Ez dakizu sinetsi edo ez, baina horrelakoetan badaezpada hobe trena edo metroa ez hartzea”.

Mirenekin ere ETAk atentatu egilea bera ez dela izan esan aurretik hitz egin du Uztarriak, eta horregatik zioen jendeak ez duela argi zein izan diren atentatuen egileak. “Alde horretatik ere egoera nahasia da. Nire ustez, Espainiako Gobernua ezkutatzen ari da dakiena, hauteskundeak pasatu arte”.