Atentatua "astakeria" izan dela esatean bat datoz Azpeitiko ordezkari politikoak

Uztarria 2004ko mar. 11a, 15:03
  • Ibarretxek deitutako kontzentrazioarekin bat egin du Azpeitiko Udalak
  • "Indarkeria" amaitzeko eskatu dute, "hondamendira garamatzalako"; Habeak "gogoeta" egitea eskatu du "bakea bilatzeko"
  • Uztarriak ordezkari denen iritziak bildu ditu

Madrilgo atentatuaren berri jakin bezain laster (azkeneko albisteen ondoren, 186 pertsona hil dira eta 1.000 zauritu pasa daude), Uztarria Azpeitiko Udaleko eta herriko alderdi politikoetako kideekin jarri da harremanetan, eta hona hemen haien adierazpenak:

Azpeitiko Udala:

“Gaur goizean Madrilen jasandako atentatu krudelen ondorioz Azpeitiko Udaleko bozeramaile taldeak, bat egin nahi du Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak egindako deialdiarekin. Hori dela-eta Azpeitiko Udalak herritar guztiei atentatuaren kontra agertzera deitzen die, denok batera, lemak alde batera utzita, indarkeria eta astakeriaren kontrako konpromisoa agertzeko, gaur osteguna, martxoak 11, arratsaldeko 20:00etan, eta ordu laurdenez Azpeitiko udaletxe aurrean egingo den kontzentrazio isilera”.

Julian Eizmendi (Azpeitiko alkatea):

“Hitzak sobran daude astakeri honen aurrean. Gaur ere herriari astakeria eta indarkeriaren aurkako jarrera argi azaltzea eskatzen diogu. Astakeria honen aurkako jarrera garbia azaltzea tokatzen zaigu, lehendakariak deitu duen eta Udalak beregain hartu duen kontzentrazioan. Indarkeriak hondamendira garamatza eta ea behingoz indarkeria bukatzen dugun”.

Ramon Etxeberria (EAJko Azpeitiko presidentea):

“Kriminala izan da gaur gertatu dena, behin ere ikusi gabea. Orain ikusi egin beharko da zein izan den sarraski honen egilea. Guk hemendik, erabat gaitzesten dugu atentatua“.

Miren Odriozola (Habeako ordezkaria Azpeitiko Udalean):

“Astakeri bat izan da, denok gogoeta egin behar dugu. Baina begiratu bat ere eman behar dugu, hona iristeko bidea nork jarri duen ikusteko; dena ilegalizatu, dena zapaldu… Guztiok saiatu behar dugu bakea bilatzen”.

Manuel Unanue (Azpeitiko Udaleko alkateordea eta EAko Azpeitiko presidentea):

“Zentzurik ez duen gauza bat da, inora eramaten ez duen bidea. Ez du ez bururik, ezta hankarik ere, ez du inolako justifikaziorik”.

Aitor Aranguren (Espainiako Gorteetarako EAko hautagaia):

“Astakeria izan da, baina ETAk egiten duen beste astakeri bat da. ETAk helburuak ez ditu garbi; gaurkoan ere jende xumea hil du. Ez dago hitz egiteko ezer. Beste astakeri bat gehiago izan da azken finean”.

Manoli Uranga (PSE-EEko zinegotzia Azpeitiko Udalean):

“Egin dutenak ez du izenik”.

Julia Tercero (PPko zinegotzia Azpeitiko Udalean):

“Nire elkartasun eta babes guztia biktima eta euren familia guztiei. Nire gaitzespen guztia ETAk hiritarren aurka egin duen sarraski honen aurrean. Honekin samina eta gorrotoa soilik sortzen dute. Lehendakariari bere plana erretiratu dezala eskatzen diogu. Guk dugun plan bakarra (Espainiako) Konstituzioaren plana da, honek eta (EAEko) Estatutuak elkartu behar baikaitu guztiok terrorismoaren aurka borrokatzeko”.