Txikienentzat eskola berria

Urola-Kostako Hitza 2004ko mar. 9a, 11:03
  • Iraurgi ikastetxeko Haur Eskola berria inauguratu zuten atzo eguerdian
  • Haur Eskola berria San Martin Zaharren egoitzaren ondoan dago.

Iraurgiko ikastetxeko Haur Eskola atzo inauguratu zen. Iraurgikoek aurreikusi baino astebete beranduago. Izan ere, aurreko astelehenean egin behar zuten ekitaldia, baina elurra egin zuela-eta atzeratu egin zuten astebetez.

Iraurgi ikastetxeko haur eskola, San Martin zaharren egoitzaren ondoan dago —sarrera handik du, Harzubia hiribidetik—, lehen Milagrosa ikastetxea zenean. Eraikinaren atariak jendez gainezka ziren atzo eguerdian: gurasoak, irakasleak eta ikastetxeko txikienak ere han ziren. Zintzo, atarian eserita. Zutik, sarreran ikastetxe erlijiosoko ordezkariak, erlijiosoak eta udaletik Julian Eizmendi alkatea.

Lehen hitza Iraurgi ikastetxeko Joxe Mari Arrubarrenak hartu zuen, esanaz "haur eskola irekita, 0tik 18 urte bitarteko hezkuntza osotua" dutela. Ondoren, Patxi Aizpitarte Gipuzkoako elizbarrutiko bikario nagusiak otoitzari ekin zion eta eraikinaz gain "guraso, ikasle eta irakasleak" bedeinkatu zituen, eta horien alde otoitz egiteko eskatu zuen. Ekitaldiak aurrera egin ahala, han bildutako txikienen egonezina ere nabarmenduz joan zen. Irakasleei egokitu zitzaien hauek lasaitzeko ahalegina.

Txikienentzako hiru gela ditu haur eskolak: bi urtekoena eta 0-1 urte bitartekoena martxan dira. Irailean, urtebetekoentzako gela ireki nahi dute Iraurgikoek. Dagoeneko 0-3 artean 53 ikasle dituzte eta apirilean beste 10 gehiago izatea aurreikusita dute.

Herriko beste eskaintzak

Herrian, haur txikienei zuzendutako eskaintza ikastola eta ikastetxe guztiek dute. 0 urtetik abiatutako heziketan, urte gehien Uztaro Haurtzaindegiak daramazki —urtarrilean 29 urte bete zituen—. Lau hilabetetik hasi eta 3 urte arteko haurrak dituzte, 07:30etik 18:30era. Gaur egun 60 haur dituzte.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain urtebetetik aurrerako haurrentzako gelak dituzte. Orain 1-2 urte bitarteko 89 haur dituzte.

Azpeitiko Ikasberri Ikastolan, O urtetik aurrerako gelak dituzte. Goizeko 07:30etik arratsaldeko 19:30ak arteko ordutegian eta 69 haur dituzte. Denek eskaintzen dute haurrentzako jangela zerbitzua.