Azkoitia-Azpeitia XI. Nazioarteko Maratoi Erdia bertan da

Uztarria.eus 2004ko mar. 1a, 17:03
  • Arratsaldeko lau eta erdietan izango da irteera Azkoititik
  • Izen ematea boletinetan egingo da eta 10 euro ordaindu betiko lekuetan

Martxoaren 27an izango da aurten, Azkoitia-Azpeitia XI. Nazioarteko Maratoi-Erdia . 2002 urteaz geroztik Diego Garciaren oroimenez izena darama probak, aurreko urtean, 2001ean, proba bezperan hil baitzen kirolaria maratoi erdirako prestatzen ari zela. Lehengo urtean bezala, arratsaldez egingo da eta irteera ordua 16:30ean izango da, Azkoititik.

Iraurgi K.E-ak eta El Andaluz Peña Taurina Elkarteak antolatu dute XI. edizio hau, Lan Mobel eta Filaren laguntzarekin. Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek ere euren lankidetza eskaini dute lasterketa honetarako.

Lasterketak 21 kilometro eta 97 metro izango ditu, F.A.G. homologatu eta neurtuta. Azkoititian izango du hasiera eta Azpeitian amaituko da Hotel Loiola aurrean. Bertan hamasei urtetik gorako edozeinek hartu dezake parte. Dorsala eskuratzeko, antolatzaileek prestatu dituzten boletinetan eman beharko da izena eta 10 euroko kuota ordaindu. Ordainean, kamiseta jasoko da opari gisara. Izen emateko lekuak dira: Azkoitian, Plaza-Berri Sport, Kale Nagusia, 87, telefonoa 943 85 20 98 eta Azpeitian, Aradi Kirolak, Olazko Amaren Plaza, 7, telefonoa 943 15 02 90.

Lasterketa F.A.G.-ko epaileek kontrolatuko dute. Honez gain, Atletismo Espainiar Federazioak Anti-doping kontrola egingo die irabazleari eta zozketaz aukeratutako beste bi partaideri. Bestalde, Antolatzaileek maratoian aterako direnei, aurrez mediku azterketa egitea gomendatzen die eta ez dituzte bere gain hartzen gertatu litezkeen kalteak. Dena den, Gurutze Gorria bertan egongo da.

Sariak

Urteroko legez, ez dira faltako irabazleentzako sariak. Sei mailatan sailkatu dituzte eta honakoak dira:

  • Guztizko sailkapena

Gizonezkoetan eta emakumezkoetan sari berdinak izango dira: aurrenekoari txapela eta garaikurra, bigarrenari eta hirugarrenari, garaikurra.

  • Federatugabeak

Lehenengo gizonezkoari eta emakumezkoari garaikurra.

  • Beteranoak (40 urtez gehiagokoak)

Lehenengo gizonezkoari eta emakumezkoari garaikurra.

  • Bertakoak

Lehenengo azkoitiar gizonezkoari eta emakumezkoari garaikurra. Azpeitiarretan ere berdin.

  • Kutxa garaikurra

Aurreneko gizonezko eta emakumezko gipuzkoarrei garaikurra.

  • Gutxitu fisikoak

Lehenengo gizonezkoari eta emakumezkoari garaikurra.