Slalom lehiaketa jokatuko da

uztarria 2004ko ots. 26a, 19:02
  • Espainako txapelketara joateko balioko du
  • Azpeitiko kiroldegian izango da eta sarrera doan

Amue Elbarrien Kirol Elkarteak Azpeitiko II. Slalom Opena kirol jardunaldi berria antolatu du. Lehiaketa martxoaren 14ean izango da kiroldegian eta antolatzaileek 20 kirolari inguru biltzea espero dute, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroatik etorritakoak. Lehiaketa honek gainera Espainiako txapelketara joateko balioko du.

Amue Kirol Elkarteak antolatutako kirol ekitaldiaren ordutegia hauxe da:

  • 10:00etatik 12:00etara Erloju kontrako derrigorrezko ibilbidea
  • 12:00etatik 13:00etara Paraleloa
  • 13:00etatik 13:30etara Oroigarrien ematea.
  • 15:00etatik 17:00etara Erloju kontrako ibilbide librea

Iaz antolatu zuen elkarteak lehenengoz Slalom Opena. Orduan 15 kirolari bildu ziren, eta hiru lagunek lortu zuten estatu mailako txapelketan parte hartzeko gutxieneko denbora. Gainera, Xabier Madina azpeitiarra eta Arkaitz Zabala eibartarra munduko marka hobetzeko zorian egon ziren. Madinak bere kirol bizitzan domina ugari eskuratu ditu, baina bestelako sariak ere jaso ditu, eta uztarria.com honetan bildu ditugu batzuk

Zer da Slalom-a?

Burmuineko paralisia duten pertsonentzako kirol modalitatea da. Kirolariak aulki gainean delarik, jarritako oztopoak saihestu beharko ditu ahal duen denborarik gutxienean.

Lehiaketak bi atal izaten ditu: batetik, erloju-kontrako proba, ahal den denbora gutxien oztopoak gainditzeko, eta bestetik, paraleloa, bi kirolarik elkarren aurka lehiatuko dira bi zirkuito paralelotan.

Kategoria ezberdinak daude kirol honetan, eta hauek minusbaliotasunaren araberakoak izaten dira. Beraz, aulki elektrikoak eta eskuz edo oinen bidez eragindako aulkiak ikus ahalko dira.

Hau guztiarekin, bizitzan zehar aurki ditzaketen oztopoen aurrean ekiditeko erraztasuna lortu nahi dute antolatzaileek.