Uztarriak kultur-karteldegia jartzeko eskatu dio Udalari

Uztarria Kultur Koordinadora 2004ko ots. 10a, 17:02
  • Herriko ekitaldi denen zerrenda jasoko luke, Zelaitxo zinemak zuen tokian
  • 1998an proposatu zion aurreneko aldiz

Orain 5 urte antzeko eskaera egin zion Uztarriak, eta Udalak onartu egin zuen. Azkenean, ordea, ez zen gauzatu. Uztarriaren helburua da herrian jendearentzat erreferentzia izango den kultur-karteldegia jartzea, hamabost egunean behin-edo berrituko dena.

Uztarriak orain aurkeztu duen idatzian dio Uztarria bera karteldegia kudeatzeko prest dagoela: "Uztarria herriko ekitaldi den-denen agenda karteldegi horretan jartzen saiatuko litzateke, modu txukunean, dena formato berean: dela musika, dela antzerkia, direla hitzaldiak...". Uztarriak karteldegia hamabostean behin-edo berrituko luke.

Horren truke, Uztarriak Udalari hauxe eskatu dio: Zelaitxoko karteldegia Uztarriari uzteko, eta karteldegia egunean mantentzeak eragingo dizkion gastuak bere gain har ditzala Udalak.