Atzo gauean sua izan zen Izarraitzen

Uztarria.com 2004ko ots. 5a, 13:02
Suak pista ondoko lurrak erre ditu.
  • Berastegi baserritik gora izan zen sua, Azpeititik Xoxoterako pista aldamenean; 10 mila metro karratu inguruk hartu zuten su
  • Udaltzaingoak esan duenez, ez da kalte "larririk" izan

Atzo iluntzeko bederatziak aldera jaso zuten Azpeitiko Udaltzaingoan Xoxote inguruetan sua zegoenaren abisua. Berastegi baserritik gora joanda zegoen sua: Azpeititik Xoxotera doan pistaren aldamenean; autoentzako bidea mozten duen ate-saretik 500 bat metrotara.

Udaltzaingoak Uztarriari esan dionez: "Ez da kalte handirik izan sastrakek-eta hartu baitute su, baina 10 mila metro karratu ingurutan zabaldu da sua".

Sua itzaltzera Foru Aldundiko mendi suhiltzaileak joan ziren berria jaso eta berehala. Suhiltzaileek inguruko baserritarren laguntza jaso zutela ere nabamendu dute: baserritar koadrila bat suhiltzaileei laguntzen ibili baitzen. Sua nola sortu zen oraindik ez daki Udaltzaingoak.