Ilegalizatutako Urolako herri plataformetako hautetsiek hausnarketa egin dute

Uztarria.com 2004ko ots. 2a, 16:02
Aizarnazabalen egin zen itxialdiari amaiera emateko ekitaldia egin zen Azpeitian.
  • Hausnarketan ateratako ondorioak publiko egin zituzten, "PNV-k eta EAk egoera gainditzeko nahiko borondate ez dutela" azaldu zuten
  • Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako udaletxeetan hausnaketa egiten utzi ez zietenez Aizarnazabalgo udaletxean egin zuten.

Joan den asteburuan hausnarketa egin dute Urola bailarako ilegalizatutako herri plataformek. Azkoitiko Kimue, Azpeitiko Habea, Aizarnazabalgo Elkarlanean eta Beizamako Auzolanean plataformetako kideak Aizarnazabalgo udaletxean egon ziren itxialdian legegintzaldi honetan zehar lana nola egin hausnartzeko.

Ondorioak

Hausnarketa horretan, hainbat ondorio atera zituzten eta ondorio horiek publiko egin zituzten Azpetian itxialdiari amaiera emateko egin zen ekitaldian. Hauek dira atera zituzten ondorioak, hitzez hitz:

a) "Egoera hau gainditzeko PNV eta EAk ez dutela nahikoa borondate. Espainiar legedia errespetatzea aitzakia gisa erabiltzen badute ere, argi ikus baitaiteke lege horien pean ere badaudela hainbat zirrikitu herriak aukeratutako hautetsien parte-hartzea ziurtatzeko. Eta honen adibide garbia da eskualdeko herri ezberdinetan baztertutako hautetsiok bizi dugun egoera ezberdina".

b) "Egoera larri honetan egon arren, egunerokotasunean normaltasunez bizi garela irudikatu nahi dutela".

c) "Egindako eskubide eskaeren aurrean Espainiako legedia aplikatzen digute. Hausnarketa bateratu baterako gonbitea egin eta udaletxeetako ateak itxiz erantzunez".

Udal hauek hartu beharko zituzketen neurriak zeintzuk diren ere azaldu zuten:

a) "Parte hartzea eta informazioa dagozkien guneetan".

b) "Udaleko erabakietan bozka eskubidea izatea".

c) "Herriak aukeratu ez dituen eta udalaren hautetsi gisa lanean ari diren pertsonen kargu uztea".

d) "Dagozkien dirulaguntza eta baliabideak ematea".

Itxialdia Zestoa, Azkoitia eta Azpeitiko udaletxeetan egiten saiatu ziren, baina baimenik eman ez zietenez, Aizarnazabalgo udaletxean egin behar izan dute. Itxialdira herri horietako hautetsi guztiak gonbidatuak izan zirela ere jakinarazi zuten, baina gonbiteari hautetsi guztiek "ezezkoa eman zutela" esan zuten.

Ekimenak

Bestalde, aurrera begira egingo dituzten ekimenetan parte hartzeko gonbitea luzatu zuten. Ekimen horiek “Urola eraginez, herriari herriarena” lemapean egingo dituzte. Eskualde mailako harremanak sendotzen hasiko dira, konpromisoak hartzeko hautetsien eta gizarte-eragileen artean. Otsailaren 18an kotxe karabana egingo dute, Aizarnazabalen hasi eta Azkoitiraino; udaletxe bakoitzaren aurrean geldialdia eginez. Martxoan ere udaletxe atarietan akanpadak egiteko asmoa azaldu zuten.