Herriko 11 erakundek jaso dute Bai Euskarari Ziurtagiria

Uztarria.com 2004ko urt. 23a, 15:01
  • Herri mailan aritzen ez diren eragileek lortu zuten Bai Euskarari Ziurtagiria atzo, urtarrilaren 22an.
  • Donostian, Kursaal aretoan izan zen Kontseiluak antolatutako ekitaldia.

Bai Euskarari Ziurtagiria banaketa ekitaldia ospatu zen atzo, urtarrilaren 22an, Donostian, Kursaal aretoan. Guztira, Euskal Herriko 119 erakundek jaso zuten ziurtagiria; Txillida Leku museoak prestaturiko obra jaso zuten oroigarri gisa. Une hauetan 600 erakunde baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiria duten erakundeak. Erakunde bakoitzak bere esparruetan euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoak hartzeagatik ematen da ziurtagiria.

Ekitaldian, Azpeitiko 11 erakundek (herri mailan aritzen ez diren erakundeak, hain zuzen) jaso zuten Bai Euskarari Ziurtagiria. Horiek lehendik ere bazuten Bai Euskarari Ziurtagiria, eta atzo berriztatzea tokatzen zitzaien (gogoratu behar da herriko beste 25 erakundek ere badutela Bai Euskarari Ziurtagiria; hauek, 2003ko uztailaren 19an jaso zuten eta herri mailan ari dira egitasmoa garatzen; Uztarriak koordinatzen du herri mailan egitasmoa). Donostiako ekitaldian honakoak izan ziren ziurtagiria berriztatu zuten Azpeitiko erakundeak:

  • Bankoa-Crédit Agricole (Zerbitzua Euskaraz)
  • Kutxa (Bidean)
  • Iraurgi Ikastetxea (Euskadiko Irakaskuntzarako Erlijiosen Federakuntza) (Bidean)
  • Eroski S. Koop. (Bidean)
  • Eroski Bidaiak (Bidean)
  • ELE-Euskadiko Latxa-Ardien Hazleen Elkartea (Zerbitzua eta Lana Euskaraz)
  • GIFE-Gipuzkoako Frisoi Elkartea (Zerbitzua eta Lana Euskaraz)
  • GITXEZEL-Gipuzkoako Txerrizaleen Elkartea (Zerbitzua eta Lana Euskaraz)
  • GOE-Gipuzkoako Oilozaleen Elkartea (Zerbitzua Euskaraz)
  • GUREKO-Gurekin Kontatu Kooperatiba (Zerbitzua eta Lana Euskaraz)
  • HEBE-Herri Behi Elkartea (Zerbitzua eta Lana Euskaraz)

Ekitaldiko hizlariak Joxe Juan Gonzalez Txabarri, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Odon Elorza, Donostiako alkatea; Rebeca Arraras, Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordeko kidea; eta Xabier Mendiguren, Kontseiluko Idazkari Nagusia izan ziren. Guztiek ere "euskararen aldeko konpromisoak denon esku" daudela azpimarratu zuten. Bestetik, herrietan egitasmoa lantzen ari diren ordezkariak ere gonbidatuak izan ziren Kursaaleko ekitaldian. Hainbat herri egon ziren ordezkatuak. Azpeititik Agirre oparidendako Iñigo Agirre eta Lagun Onak Mendi Bazkunako Maje Larrañaga ikusle moduan egon ziren, besteak beste; Uztarria Kultur Koordinadora ere izan zen. Ekitaldi amaieran, luntxa prestatu zuten antolatzaileek.