Gizarte Zerbitzuak Emakumeen Mahaiaren ekimenez brikolaje ikastaroa antolatu du

Uztarria.com 2004ko urt. 21a, 17:01
  • Arotzeria, elektrizitatea eta igeltseritza landuko dira emakumeei zuzendutako brikolaje ikastaroan
  • Parte hartu nahi dutenek otsailaren 12a baino lehen eman beharko dute izena Gizarte Zerbitzuen bulegoan

Udaleko Gizarte Zerbitzuak sailak Emakumeen Mahaiaren ekimenez emakumeentzako brikolaje tailerra antolatu du. Ikastaroak emakumeek erreminta eta materialak erabiltzen ikastea eta etxean egiten diren eguneroko konponketak egiteko gai izatea du helburu. Ikastaroaren helburua honela azaldu du Gizarte Zerbitzuak saileko arduradunak:"Tradizionalki gizonezkoenak izan diren zereginetan gizonek eta emakumeen artean egiten den rol banaketak mugatu egiten du bakoitzaren autonomia etxeko eguneroko lanei eta beharrei aurre egiteko orduan. Horregatik beharrezkoa da ardura desberdinak hartzen ikasteko lan bat, genero biei ezarri zaizkien oztopoak gainditzeko".

Ikastaro hauetan parte hartzeko epea otsailaren 12an amaitzen da. Lehen eskola ordua, aldiz, otsailaren 26an izango da. Guztira 20 orduko iraupena izango du ikastaroak eta astean behin emango dira eskolak (hiru orduko iraupena izango dute eskolek). Irakaslea Beatriz Aldalur izango da eta elektrizitatea, igeltseritza eta arotzeria landuko ditu. Informazio gehiago nahi izanez gero 943 15 71 92 telefono zenbakira deitu beharko da.