Albizu Euskaltel-Euskadiko ateetan

Uztarria.com 2004ko urt. 21a, 16:01
  • UCIk gaur igorritako faxean, edozein talderekin fitxatzeko aukera eman dio
  • Kontratuan, klausula bat jar daiteke, Mercatonerekin duen kontratuak baliorik ez duela dioena

Joseba Albizu txirrindulari azpeitiarraren etorkizuna ari da argia ikusten. UCI (Nazioarteko Txirrindularien Elkarteak) gaur fax bat igorri du Euskaltel-Euskadira, eta bertan dioenez, “ez dago inongo arazorik Albizuk datorren denboraldian Euskaltel-Euskadin korritzeko”. Hori horrela izanda, ziurrena da Albizu datorren denboraldian Euskaltel-Euskadin egotea —nahiz eta oraindik ez duen ezer sinatu— eta talde horrek bihar, urtarrilak 22, izango duen taldeko aurkezpen ofizialean.

Mercatonek, Albizuren orain arteko taldeak, berriro txirrindulari azpeitiarra eskatzeko arriskurik ez dadin egon, Albizuk izenpetutako kontratuetan klausula bat jar daitekeela esan du Jose Rodriguezek, UCIko Espainiako presidenteak. Klausula horrek honako hau esango luke: Albizuk lehendik izenpetuta duen kontratuak ez duela balio beste talde batekin sinatzen badu. Izan ere, Mercatonek oraindik ez du datorren denboraldian parte hartzeko izenik eman. Hori guztia horrela izanda, seguruena da azpeitiarra Euskaltel-Euskadi taldean izatea, lehendik ere ahoz akordioa lortu baitzuen.