Julian Barrenetxea Abesbatza danborra jotzen izango da Hernaniko sagardo denboraldiaren irekieran

Uztarria.com 2004ko urt. 16a, 17:01
  • Joxe eta Sebastian Lizaso bertsolariak ere han izango dira
  • Eguerdiko hamabietan hasiko da ekitaldia

Aurten, Hernaniko Sagardo denboraldiaren irekieran Julian Barrenetxea Abesbatzak danborra joko du. Hernaniko Udala duela bi urte herrien arteko anaitzeak egiten hasi zen, eta aurten Azpeitiarekin anaituko da. Anaitze ekitaldia igandean (urtarrilaren 18an) ospatuko dute herriko plazan, 12:00etan, sagardo denboraldiaren hasierarekin batera. Herriko enparantzan barrika handi bat ipiniko dute sagardo denboraldiari hasiera emateko eta Julian Barrenetxea Abesbatzak eta Azpeitiko Udal Musika Bandak Azpeitiko danborradaren adibide bat eramango dute hara eta herriko kaleetan ibiliko dira Azpeitiko danborradaren zati txiki bat erakutsiz. Maria Dolores Udabe, Julian Barrenetxeako Zuzendaritza Batzordeko kideak Uztarriari esan dionez, "Udala jarri zen gurekin harremanetan Hernanira joateko. Taldean bertan hitz egin genuen eta jendea prest azaldu zen anaitze ekitaldi horretan parte hartzeko eta joatea erabaki genuen".

Abesbatzakoez gain, Joxe eta Sebastian Lizaso bertsolariak ere han izango dira Azpeitia ordezkatzen eta bertsoekin giroa alaitzen. Sagardo denboraldiaren hasiera izanda, bertsolariak ezin baitira falta sagardotegietako giroa nolabait irudikatzeko.

Udaleko ordezkariak ere han izango dira: Aitor Gorrotxategi, Kontxita Martija eta Julian Kortajarena zinegotziak joango dira Azpeitiko Udala ordezkatzen Hernani eta Azpeitiaren arteko anaitze ekitaldira. Goiz partean danborra jotzen ibili ostean, guztiak batera elkarte batetara joango dira bazkaltzera. Udabek esan duenez: "Oraindik ez dakigu zein elkartetan bazkaldu behar dugun, baina Hernanitik esan digutenez lasai egon gaitezke hori guztia bertatik lotuko dutela eta".

Herritarrek joateko aukera

Herritarrek ere badute aukera anaitze ekitaldi horretan parte hartzeko. Udabek Uztarriari esan dioenez, "bi pisuko autobusean joango gara bai musika bandakoak eta baita abesbatzakoak ere. 10-15 bat leku daude libre autobusean eta herritarrak ere aukera dute gurekin batera etortzeko, abesbatzako laguntzaile moduan". Autobusa Artetxe aurretik aterako da 09:30ean. Bertara joan nahi duenak Maria Dolores Udaberekin jarri beharko du harremanetan telefono zenbaki honetara deituz: 943 812550.