Haur masaje ikastaroa antolatu da 0-1 urte bitarteko umeen gurasoentzat

Ikasberri Azpeitiko Ikastola 2004ko urt. 12a, 12:01
  • 0-1 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoentzat haur masaje ikastaroa hasiko da urtarrilaren 28an, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta.
  • Ikastaroan, aita-ama bakoitzak bere haurrari masajea ematen ikasiko du.
  • Irakaslea Nerea Mendizabal izango da, psikopedagogian lizentziatua eta haur masajeko hezitzailea

Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta 0-1 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoentzat haur masaje ikastaroa hasiko da urtarrilaren 28an. Bost astetan zehar izango da ikastaro hau, astero bi orduko saio bat eginez. Ikastaroan, aita-ama bakoitzak bere haurrari masajea ematen ikasiko du. Irakaslea Nerea Mendizabal izango da, psikopedagogian lizentziatua eta haur masajeko hezitzailea.

Haur masajea teknika goxo eta atsegina da, eta ukimenaren bitartez haurraren gorputza eta emozioen munduarekin bat egitea ahalbidetzen du modu sakonean. Begiraden, irribarreen, kontaktuaren, hitzen eta jokoaren bidez komunikatzearen artea da, eta hain berezia den haur bakoitzarengana hurbiltzen du.

Ikastaroan gurasoek beren haurrei masajea emango diete, irakasleak panpina baten bidez gorputz atal bakoitzaren teknikak pausoz pauso adierazten dituen bitartean. Ikastaroaren saio bakoitzean masajearen filosofia eta historiari buruz ere arituko da irakaslea: guraso eta haurrentzat dituen onurak, masajea emateko unerik egokienak zeintzuk diren nola bereiztu ikasi eta masajea haurren adinari egokitzen nola asmatu.

Gurasoentzat interesgarriak diren gaiei buruz hitz egiteko ere tarte bat egongo da: elikadura, loa, motrizitatea, negarra, etab. Gai hauek partehartzaile bakoitzari emango zaion liburuxkako artikuluen bidez landuko dira.

Ikastaroan guraso bat edo biek hartu dezakete parte, eta 8-10 bitarteko talde txikietan izango da. Bi aukera izango dira egutegi aldetik: bat asteazkenetan 17:00etatik 19:00etara, eta bestea larunbatetan 10:00etatik 12:00etara. Ikastaroa 60 euro kostatuko da eta 40 euro ikastolako guraso direnentzat. Izena emateko 943 15 12 46 telefonora dei daiteke, edo zuzenean Ikasberri Azpeitiko Ikastolako idazkaritzara azaldu. Azken eguna urtarrilaren 23a, ostirala da.

Informazio gehiago nahi duenarentzat aurkezpen bat ere izango da Nerea Mendizabal irakaslearekin urtarrilaren 15ean, osteguna, 19:00etan, ikastolan bertan.