Txorizoa, taloa, trikitia eta bertsoa; txerria falta

uztarria@uztarria.com 2003ko abe. 19a, 15:12
  • Abenduaren 20ean, larunbatean, Sakabiren eguna ospatuko da.
  • Santo Tomas egunean ohiko postu eta lehiaketez gain, dantza sueltoko lehiaketa izango da eta Joxe Takolo Beka eta Agenda 21eko sariak banatuko dira.

Iritsi dira Santo Tomasak. Aurten asteburuan, igandean da santuaren eguna. Hori dela-eta Udaleko Festa Batzordeak Santo Tomas jaiak bi egunetan ospatzeko egitaraua prestatu du.

Larunbatean Faustino Azpiazu Sakabi trikitilaria omenduko dute. Eguerdian hasiko da eguna. Trikitalariek ongi etorria egingo diete Sakabiren omenaldian parte hartuko dutenei, eta Iñigo Aranbarrik idatzitako "Sakabi, soinu txikiaren handitasuna" liburua aurkeztuko da Aitonenako aretoan.

Bukatu berri diren Antzerki Topaketako sariak ere banatuko dira, Ikuslegoaren Saria hain zuzen ere. Aitonena Ieko aretoan izango da, 11:45ean. Antzerki familiarra arloan, Puzkarri S.L. taldeak 600 euro jasoko ditu Txirri, Mirri eta Txiribiton Jr. eta Pantera Beltza antzezlanagatik. Helduen antzerkia arloan, berriz, Lakrikun Antzerki Taldeak Agorafobiatuta antzezlanarekin jasoko ditu 600 euroak.

Gauen, Txapelen omenezko bertso jaialdia egingo da Soreasu antzokian. Bertan, Aitor Mendiluze, Jesus Mari Irazu, Jon Maia, Nerea Elustondo, Leire Ostolaza eta Jokin Uranga izango dira kantari. Aurkezle lanetan, berriz, Laxaro Azkune arituko da.

Santo Tomas eguna

Igandean, Santo Tomas egunean, urtero moduan, txorizo postu ugari egongo da Enparantza Nagusian. Aurtengoan guztira 13 postu egongo dira herriko plazan. Joan den astean egin zen postu hauen zozketa eta izena emandako guztiek jarriko dituzte postuak.

Kirolak ere izango du tarterik, Frontoi Txikian eskuzko pilota finalak jokateko dira goizeko hamarretan. Bertan, Benjaminak, Alebinak, Infantilak, Prejubenilak eta Jubenilak arituko dira nor gehiagokan, txapela nork eskuratuko. Eta goizeko pilota partidekin nahikoa egiten ez dutenek arratsaldean, 7etan, Asegarceko partiduak ikusteko parada izango dute Izarraitz pilotalekuan.

Hamaiketan, berriz, Xabier Ormazabal mendizaleari Joxe Takolo beka emango diote Udaleko Areto Nagusian.

Giroa alaitzeko dultzinariak, Udal Musika Bandaren kalejira, Itsasiko ttuntturoak eta Musika Eskolako soinujoleak ibiliko dira kalean. Eta udazkeneko azoka berezia ere egingo da Santo Tomas. Goiz osoan egongo da erakusketa Azoka plazan.

Herri kirolak ere izango dira aurtengoan. Aizkolariek eta harrijasotzaileek erakustaldia egingo dute Enparantza Nagusian eguerdiko 12:30ean. Aizkolari lanetan Larretxea (Euskadiko txapelduna) eta Azurmendi (Gipuzkoako txapelduna) ibiliko dira eta harrijasotzaile lanetan, berriz, Aimar eta Elosua-Korta. Ordu berean, Agenda 21ek antolatu zuen Gure Inguruneari begirada bat argazki lehiketako sariak banatuko dira Aitonenan. Eta argazkigintzaz ari garela, aurtengoan ere Santo Tomas eguneko Argazki Rallya izango da ohi bezala.

Bertsolariak ere ibiliko dira Enparantza Nagusiko kioskoan. Joxe Agirre, Imanol Lazkano, Loidi Saletxe eta Beñat Lizaso arituko dira Enparantza Nagusiko kioskoan kantari.

Umeek ere badute gozatzeko parada egun honetan. Arratsaldeko hiruretan erraldoiak, buruhandiak eta dultzinariak ibiliko baidira kaleetan zehar. Arratsaldean, berriz, dantza sueltoko txapelketa egingo da, eta egunari amaiera emateko Nahidekena txaranga ibiliko da herriko kaleak alaitzen urteroko kontzertuaren ordez.