Eskuineko hatz lodia apurtu du 'Beixama' pilotariak

Uztarria.eus 2003ko abe. 17a, 12:12
  • Astelehenean (abenduaren 15ean) Imazen aurka jokatzen ari zen partidan hautsi zuen hatza.
  • Partida horretan bertan buruan pilotakada bat hartu zuen Iban Otaegik.

Iban Otaegi Beixama pilotari azpeitiarrak joan den astelehenean, abenduaren 15ean, Beotibarren Imazen aurka jokatzen ari zen pilota partidan izan zen pilota partidan hatz bat hautsi eta buruan kolpea hartu zuen. Atxa pilotariak zabalera jaurtikitako pilota bat jasotzera joan zen Otaegi eta Laskurain ere bai. Biek elkar jo zuten, eta orduan hartu zuen hatzeko kolpea, pilota bueltatzea lortu egin zuen eta. Kolpe horren ondorioz, eskubiko eskuko hatz lodian mina zuen baina partidan aurrera jarraitu zuen.

Partida horretan bertan, eta tanto berdinean, Imazek jaurtikitako pilota batek buruan jo zuen, eta partida bertan behera gelditu zen zortzina zioazela. Jaso zuen pilotakadaren ondorioz, burutik odoletan hasi zen eta hospitalera joan behar izan zuen kolpea begiratzera. Uztarriari esan dionez "hospitalean bertan puntuak eman" zizkioten eta "badaezbada" erradiografiak egin zizkioten, kolpea nola zegoen begiratzeko. Hatzeko kolpea ere begiratu egin zioten Otaegiri eta orduan ikusi zuten hatza hautsita zuela. Otaegik Uztarriari esan dioenez "hilabete batean behintzat ezin izango dut jokatu, kolpetik errekuperatu arte". "Orain ez nituen partida asko, eta nituenak bertan behera geldituko dira".

Beixamaz uztarria.com honetan idatzitako guztia hemen