Xabier Ormazabal:"Beka eskuratzeak mendian jarraitzeko ilusioa eta bultzada eman dit"

Uztarria.eus | Kirolak
2003ko abe. 16a, 16:12

  • Xabier Ormazabal gazte urretxuarrari eman diote Joxe Takolo beka. Santo Tomas egunean etorriko da Azpeitira beka jasotzera.
  • Eskuratukoa diruarekin Elurretako Leopardoa espedizioa gauzatu nahi du. Bukatuz gero, espedizio hori egin duen gazteena izango da Ormazabal.
  • Beka-ren albistea uztarria.com-en (2003/11/14)
  • Nolatan aurkeztu zenuen zure egitasmoa Joxe Takolo bekarako?

    Lehengo urtean Komunismo aldean ibili ginen. Saiatu ginen iaz bekara aurkezten baina azkenean ezin izan genuen aurkeztu konturatzerako epea gainera etorri zitzaigulako. Elurretako Leopardoa egiteko bi mendi falta zaizkit eta aurten bekara aurkeztea pentsatu genuen. Epea amaitzen zen egunean aurkeztu genuen dokumentazio guztia. Aurkeztu eta gero ahaztu egin zitzaidan bekara aurkeztu ginela. Guri eman zigutela esateko deitu zidatenean ezin nuen sinestu. Sorpresa handia hartu nuen. Dirua ere ongi etortzen da, baina dirua baino gehiago ematen duen ilusioa da. Mendian zabiltzanean ilusioa eta bultzada behar izaten dira mendian jarraitzeko eta beka honek hori eman dit, ilusioa eta bultzada mendian jarraitzeko. Takolo beka jasotzea oso garrantzitsua izan da niretzat.

  • Nola izan zenuen bekaren berri?

    Azpeitiko Takolo ezaguna da mendizaleen artean. Mendiko webean eta agertzen da beka horren inguruko informazioa. Lehengo urtean Andeetan ibili ginen eta epea bukatu egin zitzaigun bekara aurkezteko. Aurten aurkeztu dugun proiektua bekara aurkezteko modukoa zen eta dokumentazio guztia osatutakoan aurkeztu egin genuen, epea amaitzen zen egunean.

  • Azpeitiko mendiak eta ezagutzen al dituzu?

    Bai ezagutzen ditut. Nahiz eta kanpoko mendietan-eta ibili niretzako Euskal Herriko mendiak sakratuak dira. Gainera Urretxun bizi naiz eta horko mendiak asko ezagutzen ditut. Inguruko mendiak izan ziren nik igo nituen lehen mendiak, mendizale gehienok inguruko mendietatik hasten gara eta. Ahal dudan guztietan joaten naiz inguruko mendiak igotzera.

  • Azpeitiko mendizaleak-eta ezagutzen al dituzu?

    Pertsonalki ezagutu baino gehiago entzutez ezagutzen ditut. Pertsonalki Josu Bereziartua eta Fidel Olaizola ezagutzen ditut.

  • Elurretako Leopardo espedizioa egin behar duzu, oso jende gutxik egin duen espedizioa da.

    Bai hala da, nik eskuratu dudan informazioaren arabera beste 15 mendi zalek egin dute estatu mailan, Euskal Herrian berriz inork ez. Espedizio hau berezia da oso jende gutxik egin duelako, arraroa da. Ez dakit zergatik zeren hango mendietan ibiltzen da jendea. Agian Poveda mendiarengatik izango da, zeren oso mendi zaila da. Aurten ibili naiz inguru horietan eta Khan Tengriko galurrera nire anaia Andonirekin zapaldu nuen. Oso momentu berezia izan zen hori niretzat

  • Burutzen baduzu, espedizio hori egin duen gazteena edo gazteenetakoa izango zara.

    Bai ala izango naiz, baina niretzako hori ez da garrantzitsua, azken finean mendiko estatistikak dira eta.

  • Noiz gauzatzeko asmoa duzu? Gogoz?

    Uztail erdian ateratzeko asmoa dugu, Lenin eta Korgenewskaya igotzeko. Iaz joan ginenean denboraz oso larri ibili ginen. Abuztuaren 16an zazpi mila metrotara geunden eta 30 ordu beranduago kanpo basean. Oso-oso azkar jaitsi ginen bestela hegazkina ezin genuen hartu eta. Aurten hilabete eta erdi inguru hartuko dugu, lasaiago ibiltzeko, eguraldiak ere luzatu dezakeelako espedizioaren denbora. Espedizio hori amaitutakoan Sisha-pagma egitea nahi dut, nire lehen zortzi milakoa izango da eta.

  • Gogoz egongo zara ba?

    Bai hala nago. Ilusioa egiten dit mendi horiek igotzea.

  • Beste proiekturik?

    Proiektuak beti izaten ditut. Hemendik bi astera Aconcaguara noa. Leopardo zuria egin aurretik zerbait lasai egin nahi nuen, baina azkenean frantses aldetik igoko dugu.

Bidali:  

Erantzunak

Xabi | 2003-12-21 : 18:12

Aupa!! Gauza bat esan nahi nuke. Estatu mailan eta Euskal Herri mailan inor ez du lortu "Elurretako Leopardo" bihurtzea. Agur ta ondo segi

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu