Azpeitiko Udalak 2004-2007 Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia onartu du

Uztarria.eus 2003ko abe. 4a, 14:12
Abenduaren 3ko ez ohiko udalbatzarreko irudia (Uztarria)
  • Azpeitia 2004-2007 Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, 2004. urterako Kudeaketa Plana eta udaleko barne jardueran EBPN onartzea erabaki du Azpeitiko Udalak aho batez.
  • Ez ohiko udalbatzarra egin zen abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Azpeitian EBPN martxan jartzea onartzeko.

Aho batez onartu zen atzo, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Egunean, ez ohiko udalbatzarrean 2004-2007 Euskara Biziberritzeko Plana, 2004rako Kudeaketa Plana eta Udal barneko jardueran EBPN martxan jartzea.

Udal arduradunen esanetan Azpeitian garatuko den EBPNren helburu nagusia "euskara Azpeitiko gizarteko esparru guztietara zabaltzea da". Horretarako hiru lan esparru ezartzen ditu EBPNk:

  • Azpeitian euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioa (guraso eta seme-alaben artekoak) sendotzea eta finkatzea, etenik izan ez dezan.
  • Euskararen erabateko erabilera Azpeitiko gizarteko esparru guztietara zabaltzea.
  • Euskara bera, komunikazio-tresna den aldetik, Azpeitiko gizarte-arlo guztien komunikazio behar guzti-guztiak betetzeko lantzea eta aberastea.

Hala bada, hiru lan esparruetarako helburu estrategikoak lortzeko, gizarte-arlo guztietan garatu beharreko neurriak eta ekintzak zehazten ditu.

2004ko Kudeaketa Plana

Azpeitian EBPN urtarriletik aurrera abian jartzea erabaki da eta 2004rako 116 ekintza proposatu dira 2004ko Kudeaketa Planak. Udaleko arduradunen esanetan EBPNk "berritasuna" ekarriko du Azpeitiko Udalaren euskararen sustapeneko jardunean, zenbait ekintza aurreneko aldiz garatuko baitira udal arduradunen esanetan.

  • Euskararen normalizazio ekintzak 45 dira.
  • Administrazioan garatu asmo direnak 17 ekintza dira.
  • Enpresan garatu nahi direnak 12 dira.
  • Aisian garatu nahi direnak hamar dira.

Udal arduradunen esanetan, Azpeitiko gizarte sarearen %96a azaldu da Azpeitian EBPN bultzatzearen alde: 142 enpresa, 407 merkataritza establezimendu, 79 profesional liberal, 77 herri-elkarte, 11 ikastetxe eta guraso elkarte, udal eta foru administrazioko 16 erakunde eta sei talde politiko eta sindikatu.

Hala nola, EBPNren nondik-norakoak "finkatuko" dituen eta "Azpeitiko Gizarte-ordezkaritza zabala" duen Euskararen Aholku Btazordea osatu dela ere azaldu zuten udal arduradunek. "Azpeitiko gizarteko erakunde publiko eta pribatuek elkarlanean aritzeko sortu da batzordea. Udalarekin batera, enpresa, profesional, ikastetxe, elkarte, sindikatu eta euskalgintzak osatzen dute Euskararen Aholku Batzordea". (Aholku Batzordean, besteak beste, Uztarria eta Baitek ere ordezkaritza dute eta hauek biek proposamen bat egin dute honen harira).

Euskararen Aholku Batzordeak hiru eginkizun nagusi izango dituela adierazi da:

  • Azpeitiko Udalari EBPN Azpeitira egokitzen lagunduko dio, udalbatzarrak onatzat eman aurretik.
  • Behin plan estrategikoa onartutakoan, plana garatzeko urtez urteko kudeaketa edo gestio-planen jarraipena egingo du.
  • Azpeitiko Udalaren Euskara Batzordearen eskariari jarraituz, Azpeitian euskararen erabilera normalizatzeko lanekin zerikusirik duten gaiak aztertuko ditu.

Julian Eizmendi, Azpeitiko alkatea (EAJ)

"Duela bi urte Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zen Azpeitian eta nolabait beren sinadurekin Azpeitiko herriak atxikimendua emanaz, euskararen aldeko ahalegina egitea bultzatu zuen. Norbanakoak bost milatik gora izan ziren eta 700 etik gora taldeak, erakundeak, enpresak... Aurten ere egokitzat jo dugu EBPN abian jartzea eta horretarako hamaika bilera egin behar izan ditugu. Gaur (abenduak 3), Azpeitirako 2004-2007rako EBPN onartuko dugu.

Adierazi behar da azken 20-30 urteetan munduan zehar iraultza bat ematen ari denaren lekuko garela; globalizazioa deritzogun iraultza. Horrek ondorioak ekarriko ditu, politikan transformazioak eragingo ditu, gaur egun nolabait ematen ari direnak. Euskal Herria bezalako estatutik gabeko nazioa baldintzatu dezakeen egoera bat. Politikan estatuen gaineko supraestruktura batzuk osatzen ari dira eta horrek estatuen indar gutxiagotze bat ekarriko du. Estatuek XIX. mendean izan zuten subiranotasuna galtzen doaz eta hori nabarmena da. Hor gu bezalako herriak, Euskal Herria bezalako estaturik gabeko herriak, beren indarra garatzeko aukera izango dute, beren indar kontrajarriekin.

Beste gauza nabarmen bat da, globalizazioak kulturen uniformizazioa dakarrela. Uniformizazioarena joera bat izango da. Guk herri bezala eta nazioa eraikitzeko bidean gure ahalegin bat egin beharko dugu: Gure identitako seina nagusia den euskararen aldeko ahalegina egitea. Gu eta beste hainbat herriren ahalegina etorkizuneko erronka honetan finkatzen dut.

Bi-hiru urteko epe ertain batek gure iparra izan behar du gure egikaritzan, euskara sendotzea gure eguneroko izitzan. Euskarak azken urteotan aurrera pauso handiak eman ditu, gure seme-alabak euskaldunak ditugu. Esparru guztietan eta baita administrazioan ere hizkuntz eskubideak bermatu eta garatu behar ditugu. Nahiz eta eguneroko bizitza euskaraz egin, enpresetan eta joera daukagu erderara jotzeko, beraz enpresa, profesio-liberal, denda eta abarretan euskaraz bizitzeko ekintzak indartu eta bultzatu behar ditugu.

Gure udaleko helburu programatiko bat EBPN abian jartzea da eta gaurtik aurrera (abenduak 3) abian jarriko da. Nahiz eta udalbatzarrak onartu eta horretarako baliabideak jarri, garrantzitsua da norbanako bakoitzak bere ardurak hartzea eta bakoitzak egin behar duen ahaleginaren jabe izatea. Planak izan behar du gure iparra, ekintzak burutzen joan beharko gara, kontzientziatzen eta horretarako, egingarri bihurtzeko denon ahalegina behar da. Euskara altxorra izateaz gainera, bizitzeko tresna izan dezagun eta euskaraz bizi ahal izateko erabili dezagun".

Ana Mendizabal, Udaleko Euskara Batzordeburua (EAJ)

"Gaur (abenduak 3) hiru-lau urtetako Plan Nagusia onartu dugu plan estrategiko bezala eta ildo nagusiak hor daude zehaztuta:

  • Euskararen ondorengotza. Ildo hau nolabait herrian hezkuntzarekin nahiko ziurtatuta dugu, D eredua baitugu eta bestetik, euskaltegien lana euskara erakusten, alfabetatzen...
  • Euskararen erabilera bultzatu. Eguneroko bizitzan euskaraz funtzionatzeko ahalegin egin behar dugu.
  • Euskararen elikadura ziurtatu behar dugu kultur ekintzen bidez... Hedabideak eta kultur ekintzak bultzatuz.

EBPNz gain, plan orokor horretaz gainera, urtero Kudeaketa Plan bat egingo dugu. Gaur (abenduak 3), 2004ko Kudeaketa Plana onartu dugu. 2004ko plan honen bi esparru nagusiak esparru sozio-ekonomikoa eta udal barneko iharduera izango dira, hoiek izango dira bi arlo nagusiak. Baina ahaztu gabe beste arloak. Helburu hori betetzen joango gara urtez urte Kudeaketa Planak eginez".

Miren Odriozola, Habeako ordezkaria

"Gure hizkuntza, euskara, Europako hizkuntza zaharrenetakoa da, eta gizaldietan euskarak mantentzen jakin izan du Euskal Herriak eta euskaldunak. Urte guzti hauetan ehundaka hizkuntza galdu egin dira. Hor dugu globalizazio neoliberalaren eragina, ondorioz hizkuntza batzuk indarra galtzen joan dira eta hizkuntza txiki batzuk galtzen.

Esan Plan hau, EBPN, Euskal Herriko hiru lurraldetara zentratzen dela (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba) eta Nafarroa eta Iparraldean egoera okerragoan daudela. Gure nahia Euskal Herri osorako plan bat egotea litzateke, Nafarroan esate baterako izugarrizko erasoa jasaten ari baita euskara. Eta uste dugu denok zerbait egin behar dugula euskara Euskal Herri osoan ofiziala izan dadin.

Azpeitian horrelako plan bat aurrera eramatea garrantzitsua dela uste dugu. Agian euskaraz bizi gara herriko leku gehienetan, baina beste hainbat esparrutan oraindik ezin da euskaraz bizi: epaitegian, anbulategian...

Bi urte pasatu dira herrian euskararen alde egiteko sinadurak bildu zirela eta guk uste dugu bi urte ez direla behar EBPN martxan jartzeko. Ea bada, orain martxan jarri den Plan honek bere fruituak ematen dituen eta espero dugu denok bultzatuko dugula".

Informazio gehiago