Euskalgintzak EBPNren diseinuan, jarraipenean eta eguneroko lanean egotea eskatu du

Uztarria 2003ko abe. 2a, 16:12
  • EBPNren eta Bai Euskarari Akordioko ekimenen arteko uztarketa proposatu du Uztarria-Baitek
  • Herrian Bai Euskarari Ziurtagiria erabili beharko litzatekeela esan dute

Bihar, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Azpeitiko Udalak ohiz kanpoko bilkuran 2004-2007 Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) eta 2004ko Kudeaketa Plana onartuko ditu, eta hori dela-eta Azpeitiko euskalgintzak, Uztarria Kultur Koordinadoraren eta Baite Euskara Elkartearen izenean, EBPN-n modu zuzenean parte hartzeko proposatu dute, eta beste egitasmoak eta ekimenak EBPN-n uztartzea ere bai.

Uztarria eta Baiteko talde eragileak, bi erakundeetako talde, elkarte eta ikastetxe denekin proposamena lantzen aritu dira azkeneko asteetan, eta azaroaren 29an onartu zen, bien bazkideen batzarretan. Mahai gainean jarri dutena, "logikoa eta efektiboa" dela iruditzen zaie.

Proposamena bera rtf formatoan daukazue irakurgai, eta azken batean hauxe eskatzen du Azpeitiko euskalgintzak:

  • Herrian euskara normalizatzeko oinarrizko plan gisa EBPN hartzea.
  • Baina beste egitasmoak eta ekimenak ere kontuan hartu eta EBPNrekin uztartzea.
  • Adibidez, herrian dagoen ziurtagiri bakarra: Bai Euskarari Ziurtagiria (Azpeitiko 36 eragilek dute).
  • Uztarria-Baiteren ekimenak ere bai; adibidez, 2004 hasieran sortuko den Urola-Kostako Hitza euskarazko egunkaria.
  • Horretarako guztirako, ordea, euskalgintzak EBPNren diseinuan, jarraipenean eta eguneroko lanean egon behar duela eskatu dute Uztarria-Baitek.
  • Lan hori behar bezala egiteko, udalak euskalgintzari baliabideak ematea.
  • Uztarria-Baitek Udal Euskara Batzordean parte hartzea.
  • Aholku Batzordea zabaltzea gizarte eragileei.

"Horixe bera ari dira egiten Tolosaldean, udalen, euskalgintzaren eta gizarte eragileen artean, eta zergatik ez Azpeitian?", galdetzen dute Uztarriak eta Baitek.

Udalak jaso du Uztarria-Baiteren proposamena, eta euskalgintzak bilera ere eskatu dio, adostasuna lortzeko.