Xmadina enpresa, saritua

Josu Azpillaga 2003ko abe. 1a, 14:12
xmadina enpresak Donostian du egoitza
  • Eibarko Toribio Etxebarria sariak, enpresa-ekimenak saritzen dituzte.
  • Xabier Madina azpeitiarraren xmadina enpresak, bigarren saria jaso zuen Sormena eta Berrikuntza Teknologikoa kategorian.

Urtero-urtero banatzen dira Toribio Etxebarria sari preziatuak, ezagunak oso, enpresa-ekimenak eta berrikuntza teknologikoa saritzen dituztelako. Aurtengoen berri, sustatu albistegian irakurri dugu. Han ikusiko duzue saridun guztien zerrenda ere.

Xmadina enpresarentzat izan da bigarren saria. Sustatun esaten denez, "Xabier Madinaren izenean bere arrebak jaso du saria Josu Jon Imaz-en eskutik, Xabierren lana eta ahaleginak goraipatuz".

XMadina enpresa

**XMADINA TecnologĂ­a Adaptativa S.L.** enpresa Donostian kokatua dago, baina bere eragile nagusia azpeitiar bat da: Xabier Madina. Egun, Madina bera ere Donostian bizi da.

Uztarria herri aldizkarian egindako elkarrizketa luze batean, bere kirol ibilbideaz aritu zitzaigun Xabier. Baina, tartean, orain saria jaso duen enpresa eta proiektua izan zituen hizpide:

Proiektu honekin lortu nahi dudana da zera da: gu bezalako pertsonek teknologia erabiliz gure askatasun pertsonala lortzea gauzak egiteko orduan, eta gai izatea eguneroko bizitzan hainbat gauza egiteko; besteak beste, jende askorentzat hain sinpleak diren gauzak: ordenagailuan idaztea, musika entzutea, DVDak ikustea, eta abar.

Ezintasun fisiko haundiak dituzten pertsonen beharrak asetzeko asmoa du, beraz, xmadina enpresak. Eta, horretarako, sistema informatiboak erabili nahi ditu. Webgunean bertan, horrelaxe ipintzen du Xabier Madinak:

Bizi garen gizartearen aurrean minusbaliotasun fisiko bat edukitzeak dakartzan ondorioak, berezko esperiantziagatik ezagutzen ditugu, eta hori da guretzat tresnarik onena gure eguneroko beharrei konponbiderik eraginkorrena eskaintzeko.

Etsedi proiektua

Xmadina enpresaren proiekturik nagusiena, ETSEDI proiektua da. Proiektu honek, Kutxa ekintzaileen akzesita jaso zuen 2001. urtean.

Minusbaliotasun fisiko haundia duten persona asko, ohituak daude oso joystick edo antzeko aparatuekin lan egitera. Gurpildun aulki elektrikoa, adibidez, horrelaxe gidatzen dute. Aldiz, bestelako komunikazio modu asko, ez dira egokiak eurentzat: teklatuak, urruneko mandoak, telefono mugikorrak, xaguak...

Idazteko orduan dituzten zailtasunak, joystick-a erabiltzeko orduan duten erraztasunarekin lotzeko asmoz sortu da ETSEDI proiektua. Nola lortu horrelako aparatu batekin modu bixkor eta eraginkor batean idaztea? Galdera horrek garrantzia haundia du. Izan ere, idaztea lortuz gero, aurrerapausu haundia emango lukete komunikazio beharrak asetzeko orduan: idatzitakoa irakurtzeko makinak ere gero eta aurreratuagoak baitaude, eta abar.

Beraz, nola uztartu joystick-a eta idazteko premia? Hori da galdera. Eta horretarako, hitzak bixkor idazteko modua asmatu du xmadina enpresak. Joystick-ak plano baten gainean dituen 8 posizioetan karaktereak kokatzen dira, kokatzeko modua azterketa estatistiko baten ondoren erabakitzen delarik. Ondoren, karakterez-karaktere hitza idazten hasten da erabiltzailea, baina ordenagailuak "hitz ohikoenak asmatzeko" ahalbidea du. Hitzak osatzen ditu (telefono mugikorretan-eta, antzeko sistema baliatzen da).

Sistema honekin, mugimendu gutxi batzurekin, gaztelaniaz ohikoenak diren 80000 hitz desberdinak idazteko aukera du erabiltzaileak.

www.xmadina.com enpresako webgunean, informazio gehiago.