Herriko etorkinentzako liburuxka kalean da jada

Baite Azpeitiko Euskara Elkartea 2003ko aza. 24a, 14:11
Oinarrizko hiztegia Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak argitaratu du

Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak argitaratu berri duen liburuxka kalean dago jadanik eta edonorentzat eskuragarri izango da. Azken egunetako arazo batzuk tarteko, atzeratu egin da liburuxkaren argitarapena, baina jada Azpeitiko Udaletxean, epaitegian, anbulategian, liburutegian, denda inprimategietan eta Uztarriaren egoitzan daude eskuragarri aleak. Hiztegia doan banatuko da eta Baitek ale batzuk etorkinei eskura ere banatuko dizkie.

Gogoratu oinarrizko hiztegi honetan, egunero erabiltzen diren oinarrizko hitzak euskara batutik zazpi hizkuntzatara itzuli dituela Baitek, lagun batzuen laguntzari esker, eta Azpeitiko euskaran ere badaude emanda. Oinarrizko 200 hitz daude: agur, eskerrik asko... eta euskaratik (batuaz eta azpeitiarrez) honako hizkuntzetara dago itzulpena: ingelera, frantsesa, arabea, gaztelera, portugesa, gailegoa eta katalana.

Etorkinentzako liburuxka argitaratuz, Baite Euskara Elkarteak herrira etortzen diren etorkinentzako laguntza bat eskaini nahi izan du; proiektu hau haiek herrian gehiago integratzeko bidea izango delakoan dago Baite. Hiztegiak egunero erabiltzen diren oinarrizko hitzak jasotzen ditu, eta oso erabilgarria da (poltsikoan eraman daiteke eta une oro kontsultatu), beraz hiztegia laguntza ederra izango da etorkinentzat. Bestalde, euskararen normalkuntzarako Azpeitira etorritakoak euskaraz hitz egitea pauso garrantzitsua dela deritzo Baitek.

Liburuxkaren zabalpenean laguntzeko eta liburuxka ezagutzera emateko bideoa ere grabatu du Baitek. Bideo horretan, herrian eta inguruan bizi diren hainbat etorkinek hartu dute parte, eta hiztegiaren erabilgarritasunaz eta integraziorako egin dezakeen laguntza aipatzen dute. Kaito Telebista bideoa botatzen hasiko da aste honetan bertan.