Udalak atzo Guardia Zibilak euskararen inguruko enpresetan egindako polizi operazioa salatu du

Uztarria.com 2003ko urr. 17a, 18:10
EAJ eta EAk aurkeztutako mozioa onartu da

Martin Ugalde Kultur Parkean atzo euskal kulturgintzako enpresetan izandako polizia operazioa salatzeko ez ohiko udal batzarra egin da gaur eguerdian (13:30ean) Udalean.

Ez-ohiko udal batzarra egin da gaur Azpeitiko udaletxean atzo Martin Ugalde Kultur Parkean izan zen Guardia Zibilaren operazioa eta zortzi atxiloketak, tartean Mikel Azkune azpeitiarrarena, salatzeko.

Udal batzarrean EAJk eta EAk mozio bat aurkeztu dute. Aitor Gorrotxategi (EAJ) Azpeitiko Udaleko kultura batzordeburua eta EAJko bozeramaleak irakurri du mozioa; Udalak hau onartu du EAJren eta EAren onespenarekin. PSE-EEk zinegotzi bat du, baina hau ez da izan udal batzarrera. PPk ere zinegotzi bat du (donostiarra da), baina hau orain arte ez da inoiz agertu udal batzarretara.

Habea Herri Plataformakoek (hauek legez kanpo daude, baina botuak kontutan hartuta lau zinegotzi dagozkie) atzo udaletxe azpian egin zen herri batzarrean onartutako idatzia irakurri dute, baina ez da onartu. Hori bai, biharko Donostiako manifestaziorako autobusak udalaren kontu izango direla onartu dute udal arduradunek eta atxilotuen askatasuna eskatu eta biharko Kontseiluak Donostian deitu duen manifestaziorako deia egin du.

Hona jarraian mozioa eta idatzia oso-osorik:

EAJk eta EAk aurkeztu eta Udalak onartutako mozioa

Atzo goizaldean Martin Ugalde Kultur Parkean euskararen inguruko enpresetan Guardia Zibilak egindako polizi operazioa salatu nahi dugu, euskalgintzaren eta Euskal Herriaren kontrako eraso zuzena izan delako. Ideien aurkako kriminalizazio honen bidez, adierazpen askatasuna eta informazio eskubidea ito nahi dituzte. Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugunon oinarrizko eskubideetako bat, hizkuntza eskubidea, alegia, kendu nahi digute. Espainiako Estatuak Legedi Antiterroristaren arabera aplikatzen duen inkomunikazioaren erabilera gaiztoak herritarren oinarrizko eskubideak zapaltzen ditu.

Euskalgintzan lanean aritzeagatik atxilotu dituzten Joanmari Larrarte, Jose Mari Sors, Mikel Arrizabalaga, Mikel Sorozabal, Angel Ramon Diez, Xabier Legarra eta, batik bat, Mikel Azkune azpeitiarrari gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Beraiekin batera, bere senitartekoei jasaten ari diren uneengatik.

Elkartasuna eta haserrea adierazteaz gain, gure kezka agertu nahi dugu aurreko atxiloketetan jasan zituzten torturengatik eta inkomunikazioaren erabilera gaiztoak sortzen duen babesgabetasunagatik. Atxilotu zein kaltetutako erakundeei eman diezaiokegun laguntzarik onena euskarari eta euskal kulturari diegun diegun atxekimendua areagotzea da, euskara eta euskal kulturaren alde indarrak bildu eta lanari gogo handiagoz ekitea da, eta halaxe egingo dugun konpromisoa hartu dugu.

Guztiagatik, atxilotuen askatasuna eskatzen dugu eta apoiatu biharko Kontseiluak deitu duen manifestapena.

Atzoko herri batzarrean onartu eta gaur udal batzarrean aurkeztutako idatzia eta eskaerak:

Atzo, berriro ere, Euskal Herriko kultura eta hizkuntzaren aldeko mugimenduak beste eraso bat jasan zuen. Ordu txikietan etxeetara sartu eta Guardia Zibilak zortzi euskal herritar atxilotuta Madrilera (Espainiara) eraman zituen. Bitartean, urte askotako lanaren ondorioz eraikitako enpresa eta guneen miaketa burutu zuen Guardia Zibilak.

Zoritxarrez ez da euskalgintzak jasaten duen lehen erasoa izan: AEK, Egunkaria,... Bainan bada ordua azkena izateko neurriak hartzekoa. Euskal Herri euskaldun baten alde gauden eragileok, euskararen alde ematen ditugun urratsak erasoetatik babesteko beharrezkoa den harresia sortzeko garaia iritsi da.

Atxilotuen artean Mikel Azkune herritarra aurkitzen da. Etxera 20 Guardia Zibil sartu ondoren lege antiterrorista-pean Madrilera eraman dute. Kezkaz bizi dugu egoera hau lege antiterrorista-pean torturaren praktika ematen den erraztasuna ikusiaz. Eta orain arte eman diren aurrekariak ez gaituzte batere lasaitzen: Iratxe Sorzabal, Unai Romano, Martxelo Otamendi... Horregatik, eta euskararen eta euskal kulturaren aurkako erasoen aurka, eta Mikel eta beste atxilotu guztien askatasuna eskatzeko, zera eskatzen dugu:

  • 1. Mikel Azkune herritarraren familiari elkartasuna adieraztea bizi dituzten une gogor hauetan.
  • 2. Eraso honen ondorioz, Mikel Azkune herritarrari gerta dakizkion kostu judizialak Azpeitiko Udalak bere gain hartzea.
  • 3. Lege antiterrorista torturaren praktika errazten duen eta eskubide zanpaketa bat denez, lege honen desagerketa eskatzea.
  • 4. Urriak 18, arratsaldeko 5etan Antiguatik abiatuta “Gora Euskal Herri Euskalduna. Bai Euskarari” lemapean izango den manifestaziorako antolatu diren autobusen ordainketa Azpeitiko Udalak bere gain hartzea euskarak eta euskal kulturak jasaten dituen erasoen aurkako harresiaren lehen urrats moduan.

    Azpeitian, 2003ko urriaren 17an