Euskal kulturgintzako langileon adierazpena

Euskal kulturgintzako langileak 2003ko urr. 17a, 12:10

Euskal kulturgintzako langileok gure elkartasuna eta babesa eskaini nahi dizkiegu gaur goizean Guardia Zibilak, Del Olmo epailearen aginduz, atxilotu dituen lankideei eta lagunei.

Aldi berean, gogor salatu nahi dugu euskal munduari, beste behin, egin dioten eraso lotsagarria, eta horrekin batera gure haserrea adierazi nahi dugu, gorrotoa lege eginda, gure kultura, eta eskubideak hain modu narras eta baldarrean urratzen dituztenen aurrean, Espainiako gobernuaren obsesio bihurtu baita aspaldian, legea hankapean hartu eta epaileak bere gogora erabiliz, euskal kutsua duen ororen aurka jardutea.

Nazkatuta gaude Espainiako legeen aurrean inolako babesik gabe gaudelako, epaileek arbitrarietate gordinenaz jokatzen baitute euskaldun kutsua duen edozerekin. Azken aldian, gogor jotzen ari dira euskal kultur enpresen kontra, eta ez dugu uste kasualitatea denik.

EUSKALDUNON EGUNKARIA itxi eta atxiloketa negargarri haiek egin zituztenean, ondo zekiten gezurretan ari zirela, eta, areago, ondo zekiten mundu guztiak zekiela hura gezurretako muntaia zela.

Baina gaur egun merkea dago gezurra Espainiako epaitegietan, eta are merkeago ustezko delituengatik euskal usaina darion edonor atxilotzea eta Guardia Zibilen eskuetan jartzea.

Urte askoan, nekez eta izerdiz, eraikiz joan garen egiturak eta enpresak birrindu nahi dizkigute, gezur zurien aitzakian. Horregatik, jendeari dei egiten diogu datozen egunotan egitekotan diren mobilizazioetan parte hartzera.

2003ko urriaren 15ean euskal kulturgintzako langileak