Mikel Azkune azpeitiarra atxilotu du Guardia Zibilak

Uztarria.eus 2003ko urr. 16a, 11:10
Martin Ugalde Kultur Parkearen kontrako operazioan zortzi atxilotu izan dira

Goizaldean Martin Ugalde Kultur Parkearen kontrako operazioa izan da Guardia Zibilaren eskutik eta Juan del Olmo Espainiako Entzutegi Nazionaleko epaileak aginduta. Operazio horren barruan zortzi atxilotu izan dira, tartean Mikel Azkune azpeitiarra.

Martin Ugalde Kultur Parkea —Berria egunkaria ere han dago, baita Kontseilua eta Plazagunea ere— itxita eduki du Guardia Zibilak goizeko 08:50 inguru arte; orduan langileek barrura sartzeko aukera izan dute.

Egunkaria-ren itxierarekin lotura omen du gaurko operazioak. Martin Ugalde Kultur Parkea miatzen ari ziren bitartean Zabaltzen (Euskalgintza Elkarlanean eta Elkar argitaldariaren kidekoa) banaketa enpresaren egoitza (Donostiako Ibaeta auzoan) ere miatzen ari zen Guardia Zibila.

Zortzi atxiloketa izan dira goizaldean, tartean Mikel Azkune azpeitiarra. Mikel Azkune Egunkaria-ko langilea zen itxi zutenean. Beste atxilotuak, berriz, Jose Mari Sors (Euskalgintza Elkarlanean fundazioko presidentea), Joanmari Larrarte, Mikel Arrizabalaga, Amando Hernandez, Mikel Sorozabal, Xabi Legarra eta beste bat izan dira.

Juan del Olmo epailea izan zen Euskaldunon Egunkaria itxi zuena ere. Orduan atxilotutako hiru lagun, Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria espetxean daude oraindik.

Berriako webgunean honen berri. Honen berri Sustatun ere eman dute